Portua proiektua igande eta jaiegunetan aplikatuko da
Esku hartzearen "inplementazio maila jaistea" erabaki du udal gobernuak; azaroaren 3rako deitutako Mugikortasun Mahaian parte hartzera deitu dituzte herritarrak eta eragileak.
Iragan astetik bazterrak nahastu dituen Portua proiektu pilotuaren “inplementazio maila jaistea” erabaki du Hondarribiko udal gobernuak, Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak gaur goizean jakinarazi duenez. Momentuz, igande eta jaiegunetan aplikatuko dira neurri berriak, gainerako astegunetan joan-etorria ahalbidetuz . “Eztabaida lasai baterako distentsio neurri gisa” hartu du erabakia gobernu taldeak.
Eragile eta herritarren posturak zein iritziak ezagutzeko, eta egoera aztertzeko, azaroaren 3an deitu du udalak Mugikortasun Mahaia. “Gogorarazi nahi dut Portua proiektu pilotua Mugikortasun Planetik sortu dela. Plan hori aho batez
onartu zen alderdi politiko guztien artean, salbuespenik gabe, eta 2017tik Mugikortasun Mahaian parte hartzen ari diren eragile guztien adostasunarekin”, adierazi du Silanesek.
Egoera ikusirik, “autokritika” egiteko beharra ere nabarmendu du udal hautetsiak: “Argi dago ez dudala neurria, horren onurak eta helburuak behar bezala zabaltzen jakin, eta beharbada, ezarpen mailan presaka ibil gintezkeen. Baina ez ditut onartuko proposamenaren inguruan interesez mugitzen ari diren gezurrak eta buloak”. Oinezkoentzako zein txirrindularientzako “segurtasuna areagotzea” dela egitasmoaren helburua zehaztu du, eta bide batez, “hiriko pasealekuetan eta espaloietan bizikletak ibiltzeko segurtasun ezari irtenbidea ematea”.
Neurria “zuzentzeko” eskaria
Abotsanitz Herri Batzarrak “atzera egiteko eta aurreko astean hartutako aldebakarreko neurriak indarrik gabe uzteko” eskatu zion atzo EAJren gobernu taldeari. Ohar baten bitartez helarazi zion eskaria udal taldeak, “erabakiaren zentzugabekeria ikusita, auzo mugakideetan sortutako albo kalteen eta hondarribiarren haserre justifikatuaren aurrean”.
Abotsanitzek zabaldu zuenez, esku hartzea “ez da inorekin kontsultatu”. Areago, Mugikortasun Mahaian onartu izanari “gezurra” iritzi zion. Proiektuak, era berean, ez dituela Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planeko (HMJP) “irizpideak betetzen” adierazi zuen, “Mugikortasun Mahaian adostu ez izanaz gain, plan horretan jasotzen diren ezinbesteko neurri alternatiboekin batera ez doalako. Gainera, legez kanpokoa
da, ez baita inolako arauetan oinarritzen”.
HITZAk Portua proiektuaren inguruko erreportajea kaleratuko du bihar papereko edizioan. Neurri berriak ezagutu aurretik bidali zen zenbakia inprentara.