Itsasoa non hasten den kontzientzia pizteko
Recicla Birziklatu elkarteak bultzatuta, Txingudiko Zerbitzuak-ek Irungo eta Hondarribiko udalen bitartez, 'Itsasoa hemen hasten da' kanpaina abiatu du.
Itsasoa hemen hasten da, mesedez, ez bota ezer lelopeko kanpaina abiatu du Txingudiko Zerbitzuak-ek Irungo eta Hondarribiko udalekin elkarlanean. Mundu osoan martxan dagoen dinamika da, eta Irungo Recicla Birziklatu elkarteak bultzatuta erabaki dute bertan garatzea. Estolderia-zuloetatik itsasoratutako hondakinek eragindako kalteez ohartarazi nahi dute kanpainaren bitartez. Atzo aurkeztu zuten kanpaina Irunen eta Hondarribian.
“Estolda-zulo ezberdinetan jarriko dira plakak, eta joan-etorri handieneko eremuei lehentasuna emango zaie, hala nola oinezkoentzako guneei, ikastexeetako irteerei, aisialdi zentroei… horiek baitira gatazkatsuenak”, adierazi zuen Leire Zubitur Txinzer-eko kudeatzaileak.
Estoldak zakarrontziak ez direla kontzientziatzeko, eta itsasoko habitateek jasandako kutsaduraz ohartarazteko helburua du dinamikak. Zigarro puntak direla hustubideetatik itsasoratutako hondakinik nagusiena nabarmendu zuen Zubiturrek.