"Enpresa elektrikoen lapurretaren kontra" deitutako protestan parte hartzera animatu ditu herritarrak EH Bilduk
"Elektrikoen lapurretaren aurrean planto egiteko unea" dela uste dute koalizioko kideek. Itzalaldia eta lapiko jotzea deitu dituzte biharko.
Biharko (hilak 8) argindarraren prezioaren igoeraren kontra Euskal Herri osoko auzo guztietan deitutako itzalaldiarekin eta lapiko jotzearekin bat egin du Irungo EH Bilduk. “Elektrikoen lapurretaren aurrean planto egiteko unea” dela uste dute koalizioko kideek. Zentzu horretan bihar udaletxeko argiak itzaltzeko (22:o0etan) eskatu dute, erregistro bidez. Itzalaldia eta lapiko jotze ere 22:00etarako deitu dute.
“Enpresa elektriko handiak gure herriko herritarren eta enpresa txiki eta ertainen kontura egiten ari diren lapurretaren aurrean ez garela besoak gurutzatuta egongo” salatzeko probestuko dute biharkoa. Salaketa honekin ere Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko indar independentistek indarrak batu dituztela gaineratu dute taldetik, beraz, biharko protesta ekitaldia aldi berean egingo dute hiru herrialdeetan.
“Bada garaia erakusteko gure herrian ez dugula uzten gehiengoaren eskubideekin jolasten gutxi batzuek poltsikoak betetzen dituzten bitartean. Bihar herritarrek bizitza duinak izan ditzaten borrokatzen duen herri duina garela erakutsiko dugu”, erantsi dute.