Argindar konpainien aurka protesta egitera deitu du EH Bilduk
Argindar konpainien "lapurretaren" aurrean "planto" egiteko eta itzalaldian zein kazeroladan parte hartzeko gonbita luzatu du EH Bilduk biharko.
Argindar konpainien “lapurretaren” aurrean “planto egitera” deitu du EH Bilduren udal taldeak biharko, “ez baitago markak apurtzen ez dituzten egunik”. Euskal Herriko deialdiarekin bat egingo du koalizio abertzaleak, eta 22:00etarako deitutako itzalaldiarekin eta lapiko jotzearekin bat egitera animatu ditu hondarribiarrak.
Zabaldutako informazioaren arabera, “enpresa elektriko handiak gure herriko herritarren eta enpresa txiki eta ertainen kontura egiten ari diren lapurretaren aurrean ez garela besoak gurutzatuta egongo salatzeko” mobilizatuko dira koalizio abertzaleko kideak. Areago, “argindarraren prezioa ezartzeko behar besteko subiranotasun energetikorik ez dugula salatuko dugu”. Ildo horretan, Espainiako alderdi nagusiek ez dituztela geldiarazten “elektrizitate konpainien botere eta diru nahiak” erantsi dute, “alderdi horietako ordezkari esanguratsuak enpresa elektrikoen administrazio kontseiluetan” baitaude.
Hori horrela, “herritarrek bizitza duinak izan ditzaten borrokatzen duen herri duina garela” erakutsiko dute bilkideek bihar. Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Euskal Herriko indar independentistek batera garatuko dute protesta.