"Azken hamarkadetako muntaketa handienetako bat", larunbaterako proposamena
'Elektra. 25.' obra eskainiko du Sevillako Atalaya konpainiak Irunen. Lan honekin 250 hiri inguru bisitatu dituzte.
Amaia Kultur Zentroa ohiko jarduera itzultzen hasi da pixkanaka. Antzerkia bueltan izango da larunbatean (hilak 9), Sevillako Atalaya konpainiak gaztelerazko Elektra. 25. antzezlana taularatuko baitu. Sarrerak dagoeneko eskura daitezke, 15 euroren truke (14 urtetik beherakoenak aldiz, 9,50) esteka honetan edota ohiko bideetatik.
Obra Andaluziako antzerkigintzaren azken hamarkadetako muntaketa handienetako bat izan da udalaren arabera, “publikoak zein lanbideko profesionalek berek adierazi zuten moduan”. Aurretik egindako beste bi lanekin batera, 20 herrialdetako 250 hiri inguru bisitatu dituzte.
Era berean, udalak jakinarazi du etzi (hilak 7) Zure Abenturaren Bila programaren beste emanaldi bat eskainiko dutela Amaia KZn. 19:30etik aurrera Iran eta Erdialdeko Asia txirrindan ikus-entzunezkoa proiektatuko dute, Alvaro Teixeira egileak berak aurkeztuta.