TicketBAIren Irungo bulegoa, martxan
Irungo bulego berria bisitatu du gaur aldundiko Ogasun eta Finantza diputatu Jokin Peronak. Bertan informazioa jasotzeaz gain, "zergadunak izan dezakeen edozein zalantza edo kezka argitzeko" gunea dela gaineratu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatu Jokin Perona Irungo TicketBAI aurrez aurreko zerbitzuaren bulegoa bisitatu du gaur, gaur bertan jarri baitute martxan zerbitzua. Bertan, lurraldeko zerga administrazioaren bulegoetara hurbiltzeko dei egin die herritarrei, arreta presentziala berreskuratu baitute. “Zerbitzu berri honen helburua informazioa zuzenean ematea da, eta zergadunak izan dezakeen edozein zalantza edo kezka argitzea da”, esan du gaurko bisitan. Proiektuaren inguruko ezjakintasunak zalantzak sor ditzakeela azaldu du, eta, beraz, praktikoena “gure bulegoetara joan eta ziurgabetasun horiek argitzea” dela dio.
TicketBAI zerga betebehar berria dela azaldu du, eta jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadun guztiei eragiten diela. Gipuzkoan orotara 55.000 lagun inguru dira. Egun proiektua borondatezko epean dagoela azaldu dute aldunditik, baina 2022an zehar derrigorrezkoa izango dela. Peronaren arabera, proiektuak hiru aurrerapen ekarriko ditu: Gipuzkoako ekonomiaren erabateko digitalizazioa, Ogasunak honi esker jasoko duen informazio fluxuak aukera emango diola zerga administrazioari zergadunen izapide burokratikoak errazteko eta iruzurraren aurkako borrokan aurrerapauso handia izango dela, “zerga betebeharrak betetzen ez dituztenei lehia desleiala ezabatzen lagunduko baitu”.
Zerbitzua erabiltzeko hitzordua hartu beharko da, 943 113 000 telefono zenbakira deituta. Hitzorduak astelehenetik ostiralera hartu daitezke, 8:00etatik 14:30era, eta zergadun bakoitzak ordu erdiko tartea izango du kontsultarako.