[Bideoa] Portua proiektuarekin desadostasuna agertu dute merkatariek eta herritarrek
Butroi pasealekuan bizikletak ibiltzeko debekuaren aurka agertu dira dozenaka herritar batetik, eta neurria «jakinarazi» eta «kontsultatu gabe» hartu duela gobernu taldeak salatu dute merkatariek, bestetik.
Portua proiektuko lehen esku hartzeak zeresana ematen jarraitu du asteburuan zehar. Abotsanitzen udal taldeak egindako salaketaren ondoren, oraingoan, Hondarribiko merkatariek zein herritarrek arbuiatu dute Hondarribiko EAJren udal gobernuak martxan jarritako proiektu pilotua.
Hala, batetik, Amuitz merkatarien elkarteak egitasmoarekiko desadostasuna agertu nahi izan du komunikabideetara igorritako ohar labur baten bitartez: «Hondarribiko merkatarien elkartetik adierazi nahi dugu ez gaudela ados Hondarribiko gobernu taldeak Portua auzoko mugikortasun plan berriari buruz egindako esku hartzearekin». Tokiko merkatarien arabera, «plan horrek mugatu egingo du bertakoak ez direnen aparkalekua eta mugikortasuna. Ez da kontuan hartu Hondarribiko merkatariei eta gainerako bizilagunei eragingo zaien kaltea». Gainera, merkatari eta auzokideei «aurretik jakinarazi gabe eta kaltetuei inolako kontsultarik egin gabe» gauzatu dela neurria erantsi du taldeak.
Herritarrak, bestalde, Butroi pasealekuan bizikletak ibiltzearen aurkako debekuari erantzun zioten atzo eguerdian. Hamarnaka hondarribiar bildu ziren neurriaren aurka protesta egiteko, bizikletarekin Butroi pasealekua zeharkatzeko, eta ez direla «txikiekin errepidetik joango» argi uzteko. Sare sozialen bidez zabaldu zuten deialdia. Neurri berriarekin ados ez dauden herritarrak parte hartzera deitu dituzte datorren igandean errepikatuko duten protesta martxan, 12:00etan, Butroi pasealekuan.
Atzoko egunak utzitako bideoa: