Parte hartze aurrekontuetan finalera pasako diren ekarpenak bozka ditzakete herritarrek
Gaurtik hilaren 4ra bitartean egongo da botoa emateko aukera, 'irun.org'-n proposamen orokorretan nahiz gazteek egindako ekarpenen artean.
Parte hartze aurrekontuen ekarpen fasea bukatu da, eta, orain, aukeratzeko txanda izango da. Herritarrek gaurtik hilaren 4ra arte (astelehena) hautatu ahal izango dituzte finalera pasatuko diren proposamenak. Hiru ataletan bosna boto eman ahal izango dituzte: batetik, Interneten egindako ekarpenak; bestetik, karpetan egindakoak, eta, azkeneko atala gazteentzat: eurak egindako proposamenak.
Interneteko bozketa honetatik bost pasako dira finalera karpetan egindako ekarpenen atalean eta zortzi Internen egindakoetan. Guztira, ordea, 20 proposamen pasako dira finalera; aipatutako 13 ekarpenez gain, aurrez aurreko saioetan egindako sei eta Oiasso 2000 nahiz auzo elkarteen artean hitzartutako bat.
Gazteen prozesua aparte doa. Lau proposamen zuzenean finalera pasatu dira Eskola Agenda 30 eta Gazteen arloaren artean erabakitakoak. Horiei batu behar zaizki ikastetxeetan nahiz auzoetan bildutakoak eta Interneteko prozesukoak. Azken bozketa hilaren 13tik 19ra egongo da martxan.
Prozesu guztietan egindako ekarpenak guztira, 586 izan dira: 59 aurrez aurreko saioetan, 189 online, 48 gazteen artean, 270 karpetan eta 20 ikastetxeetako postontzietan.
Bigarren bilera, Palmera Monteron
Palmera Monteroko bigarren saioa astelehenean izan zen, eta horietatik hiru ideia atera ziren aurrera: Puianan Aristegi eta Petit Enbaxadorea plazan estalki bat jartzea; Urdanibia berriko udal baratze parkea hesitzea eta Oinarre haur parkea zabaldu eta estalkia jartzea.
72 lagun hurbildu ziren saio horretara, eta taldetxotan banatuta joan ziren eztabaidatzen.