[Erreportajea] Paseo bat Irundik memoriaren betaurrekoak jantzita
1936ko gerran eta gerraondoan hirian zer gertatu zen hobeto ezagutzeko triptiko bat argitaratu du Nicolas Gerendiain elkarte errepublikanoak, hiri erdigunetik ibilbide bat eginez.
Udaletxea, Urdanibia plaza, Stadium Gal… Irundar batek egunero edo sarritan, behintzat, ikusten dituen tokiak dira. Toki horiek eta beste batzuk, ordea, oroimenaren betaurrekoak jantzita egiteko proposamena luzatu du Nicolas Gerendiain elkarte errepublikanoak, Memoriaren ibilbidea: Irun, gerra eta gerraondoa triptikoaren bidez.
Triptikoaren batera 1936ko gerran eta gerraondoan hirian zer gertatu zen hobeto ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Oraingo honetan HITZA izan da bisitaria, eta ibilbidearen lehen pausoak Marijo Noges elkarte errepublikanoko kidearekin egin ditu.
Luis Marianoko turismo bulegoa izan da irteera puntua. Zabaltza plaza parez pare du bisitariak, eta plazaren atzealdean dago lehen interes puntua: Zentro Errepublikanoa. “Oso garrantzitsua izan zen. Herritarrak hornitzeaz eta familiei laguntzeaz arduratzen zelako”, azaldu du Nogesek. Orduan Pi I Margall deitzen zen plaza, eta errepublikaren ikur bihurtzearekin batera, bonbardaketa batean suntsitua izan zen. Gerora, berriro eraiki zuten egun duen itxura hartuz.
Hurrengo geldialdia, Colon pasealekuaren beste aldean dago: Irungo Kasinoa. 1936ko gerran garraioa antolatzeko komisaria bihurtu zen eraikina. Gerran zutik iraun zuen eraikin bakarrenetakoa izan zen. Pauso batzuk atzera eginez, Luis Marianoren eskultura dago. Nogesek abeslaria gogora ekarri du, ihes egin behar izan baitzuen, gerra zela eta.
HITZAk bere ibilbidea hortxe bukatu du, baina, oraindik, beste sei gune falta dira bisitatzeko. Horietan lehenengoa udaletxea da. Fronte Popularrak antolatzeko erabili zuen eraikina. Defentsa Batzordea eratu zuten, eta hiriko zuzendaritza politiko, ekonomiko, sozial eta finantzarioa bere gain hartu zituen, 1936ko irailaren 4ra arte. Handik Pilar ikastetxera darama ibilbideak, gerra-komisariotza izan zena. Bidea zuzen jarraituz, Iparralde etorbidetik, Nazioarteko zubira iritsiko dira bisitariak. Zer esanik ez dago zubi honek gerran izan zuen garrantziaz, ehunka lagunek erabili baitzuten ihes egiteko. Nogesek, ordea, bueltatu zirenak izan ditu gogoan, eta hurrengo interes puntuarekin lotu du: Stadium Gal. “Itzultzen zirenentzako kontzentrazio esparrua izan zen”.
Azken bi geltokiak Olaberria erreka eta Urdanibia plaza dira: 1942 eta 1944 artean 200dik gora presoren artean kanalizatu zuten erreka. Eta Urdanibia plaza betidanik irundarren topaleku eta “bihotza” izan dela esan du Nogesek, gerraondoan kasu: kontzentrazio guneetatik aske uztean, hara ematen zituzten senideekin elkartzeko.
Ezagutzea, helburu
Nicolas Gerendiain elkartearen helburua iragana ezagutaraztea da. Horregatik, triptikoaren 1.000 ale argitaratzeaz gain —turismo bulegoan eta interes puntuetan egongo dira—, bisita gidatuak egingo dituzte Mertxe Trancheren eskutik. Eskoletara ere zabaldu nahi dute egitasmoa. “Orainalditik lehenaldira jauzi egin nahi dugu, eta bide batez, garai hartako irundarrei omenaldi bat egin”, ondorioztatu du Nogesek.