Emakumeen Etxearen gaineko aurrez aurreko saioak hasiko dira bihar
Zortzi saio izango dira, guztira, eta hilean behin egingo dituzte Palmera Monteron. Obrak ere aurki esleitzeko asmoa agertu du udalak.
Emakumeen Etxearen proiektua aurrera doa, eta, bihar, esaterako, parte hartze prozesuaren bigarren fasea hasiko dute, aurrez aurreko saioekin. Guztira, zortzi saio izango dira maiatzera arte, eta Emakumeen Etxearen jarduna landu eta egunerokotasunarekin lotutako beste puntu batzuk landuko dituzte. Saio horiek hilean behin egingo dituzte, bigarren larunbatean (hilabete honetan izan ezik, lehenengoan izango dela), eta Palmera Monteron elkartuko dira, bigarren eta bosgarren aretoetan, 10:00etatik 14:00etara.
Miren Etxebeste Berdintasun zinegotziaren arabera, saio horiek balioko dute Irungo andreek Emakume Etxea nolakoa izatea nahi den erabakitzeaz gain, “ikasteko, ahalduntzeko, elkar ezagutzeko eta berdintasunarekin eta feminismoarekin konprometitutako beste emakume batzuekin lotura estuagoak sortzeko”.
Obren proiektua, aurrera
Eraikinaren obren proiektua ere aurrera doa, eta proiektua idazteko lanak bukatuta, udalak aurki esleitzeko asmoa du, Cristina Laborda Obren ordezkariak jakinarazi duenez. Obren proiektua parte hartze prozesuarekin paraleloki joango dela zehaztu du Labordak, “lokalaren barnealdea definitzeko”.
Emakumeen Etxea Istillaga kaleko 8. zenbakian egongo da, udalarena den lokal batean; 280 metro koadroko azalera du.Lokala egokitzeko beharrezko instalazio guztiak aurreikusi beharko direla gaineratu du, elektrizitatea, aireztapena eta iturgintza-lanak, kasu, eta, oro har, espazio malgu eta balioaniztuna proiektatuko da. Banaketari dagokionez, hainbat gela izan beharko ditu, hala nola egongela, areto balioaniztuna, harrera, biltegia eta bulegoa.
Proiektuaren aurrekontua 500.000 eurokoa izango da.
Emakumeen Etxea, “gertuago”
Parte hartze prozesua EH Bilduk egindako proposamenetik etorri da, eta Oihana Brionesen esanetan, Emakumeen Etxetik “geroz eta hurbilago” daude: “Gure taldean argi dugu proiektua garatzeko ezinbestekoa dela benetako parte hartze prozesu bat sustatzea, Irungo emakume bakoitzak etxe horretan islada izan dezan eta horrela berea egin dezan espazio hau”.