Butroi pasealekua oinezkoentzat izateko proiektu pilotua abiatu du udalak
Matxin Artzu, Itsasargi eta Zuloaga kaleak erabili beharko dituzte bizikletek; Portuko trafiko dentsitatea jaisteko neurriak iragarri ditu udalak.
Butroi pasealekua soilik oinezkoentzako izan dadin proiektu pilotua abiatuko du bihar Hondarribiko Udalak. Hala ezagutarazi dute gaur goizean Txomin Sagarzazu alkateak eta Juan Luis Silanes Mugikortasun zinegotziak prentsa aurrean. Porturako aurreikusitako proiektuaren “aurreproiektu” gisa definitu du Sagarzazuk bizikletei zein ibilgailuei eragingo dien lehen esku hartzea.
Zuloaga, Itsasargi eta Matxin Artzu kaleak erabili beharko dituzte aurrerantzean bizikletek, agintariek adierazi dutenez. Zentzu horretan, “segurtasuna bermatzeko” Portuko trafiko fluxua murrizteko hainbat neurri iragarri dituzte. Horretarako, besteak beste, sarbide mugatuko kaleak izango dira: Matxin Artzu, Zuloaga, Itsasargi, Domingo Egia, Almirante Alonso, Beleztarren Markesa eta San Pedro kaleak zein Arrantzale Auzoa.
Hori horrela, egoiliarrak, larrialdi zerbitzuak, garraio publikoa, zamalanak, txirrindulariak eta patineteak igaro ahal izango dira Portutik. Eremua zeharkatu nahi duten ibilgailuek, bestalde, Donostia kalera edo saihesbidera jotzea ezinbestekoa izango da. Inguruan aparkatu nahi dutenen kasuan, Benta, Minatera edo Biteri erabili beharko dituztela jakinarazi du Silanesek. Era berean, errotazio azkarrera bideratutako aparkaleku gehiago prestatuko dituztela Bentan eta inguruan ziurtatu du zinegotziak: “Erosketak edo mandatuak egin ahal izateko”.
“Azterketa prozesu luze baten ondoren, udaletik ikusi dugu Portua auzoko kaleetan ibilgailuen zirkulazioa murriztearen aldeko apostua egiteko unea dela, oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna areagotzeko eta hondarribiarren bizi kalitatea hobetzeko helburu argiarekin”, adierazi du Sagarzazuk. Agintariak erantsi duenez, hainbat ikerketen ondoren eremu horretan bidegorria ezartzea “bideraezina” dela ondorioztatu dute.
“Pixkanaka”
Bihar sartuko da indarrean neurri berria eta Portura iristen diren ibilgailuek topo egingo dute lehen aldiz Portua zeharkatzeko debekuarekin. Herritar zein bisitariak kontzientziatzeko komunikazio kanpaina eta seinale berriez gain, Udaltzaingoaren presentzia ezinbestekoa izango dela nabarmendu du Sagarzazuk. Triptikoak banatzen eta gidariak informatzen ariko dira. Agintariak erantsi duenez, “argi utzi nahi dut proba pilotua dela, pixkanaka ezarriko dela eta neurri gehiago eta ezberdinak aztertzeko prest gaudela”.
Silanesek bere aldetik gogoratu duenez, “alderdi guztien babesarekin onartu genuen Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planak argi eta garbi ezartzen du Hondarribian lehentasuna oinezkoak duela, gero bizikletak, ondoren garraio publikoak eta azkenik, ibilgailu pribatuak”. Mugikortasun Mahaiean eztabaidatutako proposamena dela ere ziurtatu du hautetsiak, eta erantsi duenez, Portuko merkatariekin eta Ama Guadalupekoa ikastetxearekin ere harremanetan daude egoera berriaren jarraipena egiteko.