Ficoba, ikasturte berrirako prest
Udako etenaldiaren ostean ohiko jarduerari ekingo dio berriro erakustazokak, zuzendaritzako kideen arabera, "jardueraz betetako egutegi batekin".
Udako etenaldiaren ostean Ficobak ohiko jarduerari ekingo dio berriro, erakustazokako zuzendaritzako kideen arabera, “jardueraz betetako egutegi batekin, non aurreko ekitaldietan ohikoak izan diren proposamen asko itzuliko diren”.
Lehen hitzordua urriaren 1etik 3ra jarri dute, Ekodrive Ibilgailu Jasangarrien Azokarekin. Energetikoki eraginkorrak diren ibilgailuak bilduko dira bertan, auto elektrikoetatik energia berriek bultzatutako ibilgailuetara.
Aurten berreskuratu duten egitasmoetako bat Lanbide Heziketako Olinpiadak (Eusko Skills izenez ezagunak) dira. Eusko Jaurlaritzak Ficoba aukeratu du berriro egoitza gisa.
HABEk (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) ere azterketak erakustazokan errepikatuko ditu aurten, urriaren tik 9ra bitarte. Maiatzean 5.000 lagun baino gehiagok egin zuten azterketa Ficoban, eta oraingo honetan 2.000 lagun bertaratzea aurreikusi du erakustazokak.
Azaroko programazioa Entre Mares kongresuak irekiko du, 3tik 5era bitarte nazioarteko adituek portu erromatarren gaineko berrikuntza arkeologikoak aztertuko dituzte.
Azaroaren 10ean aldiz, Enpleguaren astearen edizio berri bat hartuko du Ficobak. Ateburu horretan, azaroaren 13an hain zuzen ere, musika izango da protagonista nagusia, Irun Zuzenean jaialdiaren kontzertu bat eskainiko baitute.
Azaroaren 19tik 21era Gipuzkoako kontzesionario eta salerosketa nagusiak bilduko dira, Ficoauto Okasioko Ibilgailuen Azokaren bederatzigarren edizioan. Aurreko edizioetan bezalaxe, bisitariek segmentu, gama eta mota askotariko ibilgailuak ikusi eta erosi ahal izango dituzte.
Azaroari amaiera emateko AMOBS STAR talde frantziarrak Felina Nazioarteko Erakusketaren edizio berri bat antolatu du. Data oraindik zehazteke dute.
Be Veggie jaialdi beganoak irekiko du abenduko programazioa, 4tik 6ra bitarte egingo dute aurtengoa. Abenduaren 18an berriz ere Irun Zuzenean ekitaldiaren kontzertu bat egingo dute.
“Susperraldiaren bidea berresten”
Azken lauhilekorako aurreikusitako jarduerak Ficobaren errekuperazioaren “bidea berresten” duela diote Ficobako iturriek. 2021eko ekitaldiko emaitzak 2020koak baino hobeak izan direla diote datuek, hori bai, pandemia aurreko jarduera eta fakturaziora iritsi gabe.
Guztira, 131 jarduera egin dira aurten, iaz 78 izan ziren bitartean. “Zifra onak dira oraingo testuinguruan”, diote Ficobako zuzendaritza kideek.
Osasun egoerak hobera egin duenez, ezkontzak ere berreskuratu dituzte. Horren adibide da Los muñecos de la tarta ezkontzaren edizio berri bat, urriaren 15etik 17ra egingo dutena