Adinekoen Nazioarteko Egunarekin bat egingo dute hondarribiarrek ostiralean
Urriaren 1ean ospatzen da adineko pertsonen omenezko mundu mailako eguna; goizetik iluntzera arteko egitaraua antolatu dute.
Urriaren 1ean ospatuko den Adinekoen Nazioarteko Egunarekin bat egingo dute Hondarribian. Hala jakinarazi dute gaur goizean AFAGI elkarteko Maria Jesus Garinek eta Rebeca Gleigek, Nagusilaneko Jesus Mari Guerrak, Kasino Zaharreko Maite Martinek eta Nieves Urangak, eta Hondarribiko Udako Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Gotzone Larrartek.
«Egun honen helburua da adinekoek giza garapenari eta garapen ekonomikoari egiten dioten ekarpena aitortzea», adierazi du Larrartek, «baita munduko zahartze demografikoari lotutako aukerak eta erronkak nabarmentzea ere». Hartara, lanerako mahai bat sortu dutela eragile eta udal ordezkariek ezagutarazi du Larrartek. Etzirako antolatutako ospakizunak dira horren lehen emaitza, prentsa aurrean zabaldu dutenez.
Ondokoa da urriaren 1eko egitaraua:
-
11:00-12:30. Tipi-tapa Itsas Etxetik.
-
11:00. Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketaren hitzaldia, Kultur Etxean.
-
12:00. Lerroko dantzen inguruko eskola magistrala Kasino Zaharrean –eguraldi txarra eginez gero Soroetako frontoian izango da–.
-
15:30. Nagusiekin trizikloan paseoak Balazta elkarteko kideen eskutik. Irteerak San Gabriel egoitzatik egingo dituzte eta herriko kaleetatik zehar ibiliko dira.
-
17:00. Tren Berdearekin irteera kulturala San Juan de Dioseko biribilgunetik.
-
19:00. Adinkeriaren inguruko hitzaldia Kultur Etxean.