Udaltzaingoaren hesiek iheslarien oroigarria ezkutatzen dutela salatu du Abotsanitzek
Memoriaren Astearen barruan, hilaren 4an, inauguratu zen plaka biharamunetik estalita dagoela ezagutarazi du udal taldeak; memoria historikoarekiko «sentsibilitate eza» egotzi dio EAJren udal gobernuari.
Memoriaren Astearen baitan, hilaren 4an, inauguratu zuen Hondarribiko Udalak 1936ko gerraren ondorioz itsasoratu eta ihes egin behar izan zuten hondarribiarren omenezko plaka kai zaharrean. Hala ere, Abotsanitz Herri Batzarrak salatu duenez, inaugurazioaren biharamunetik Udaltzaingoaren hesiek oroigarria estaltzen dute.
«Egun horretan bertan egoeraren berri eman genuen Memoriaren Astea antolatu zuen Bakeola Bizikidetza Batzordean», azaldu dute Abotsanitzeko kideek, «eta horren ondoren ere salatu izan dugu publikoki. Baina inork ez du zuzendu».
Egoerak EAJren gobernu taldeak memoria historikoarekiko duen «sentsibilitate eza» agerian uzten duela erantsi du Abotsanitzek, «hesi horiek beste edozein lekutan jar» baitzitzaketen, «baina ez, iheslariei aitortza egiten dien plakaren aurrean jartzea erabaki dute».