Larunbat iluntze lasaia Moskun
Dozenaka lagun hurbildu ziren Urdanibiza plazara, hainbat eragilek egindako arrazakeriaren eta faxismoaren kontrako deialdira, eta ez zen inongo gertakaririk izan.

Giroa gaiztotuta zegoen Irunen larunbatari begira. Pertsona batzuek deialdi bat egina zuten sare sozialen bidez, kutsu arrazistarekin eta indarkeria erabiltzeko zantzuekin, azken aldian Irunen taldetxo bat sortzen ari den arazoak euren kabuz konpontzeko asmoz. Deialdi horri begira, herriko zenbait eragilek kontradeialdi bat egin zuten 20:30erako: Ekitaldi Kultural Antifaxista eta Antiarrazista.
Ertzaintzak ere, deialdi horri begira, despliegea zabaldu zuen, eta hainbat patrulla eta furgoneta hurbildu ziren Urdanibia plazara, iluntzean.
Kartel handi bat zegoen plazaren erdian, Faxistak kanpora lelopean. Giroa tirabiratsua bazen ere, lasaitasuna nagusitu zen Moskun. Josune Mendigutxia Harrera Sareko kidearen arabera, “ez zen ezer gertatu” eta “lasaitasunez” egin ahal izan zuten ekitaldia. Bertsolariak, antzerkia eta dj-ak ikusi eta entzun ahal izan zituzten Urdanibia plazara joan zirenek. Ehunka lagun izan ziren.
Mendigutxiaren arabera, ez dakite sare sozialetan egindako hasierako deialdi horrekin zer gertatu zen, baina Moskun ez zirela agertu azaldu du.
Oro har, “kezkatuta” agertu da Irunen azken aldian sortzen ari den giroarekin, eta aurrera begira, antzeko deialdiak egon daitezkeela ohartarazi du. Horien aurrean, antolatu beharko direla gaineratu du.