(Elkarrizketa) "Hitzekin esan ezin dezakezuna inkontzienteki esaten duzu argazkietan"
Emakumeentzako Ahalduntze Eskolen barruan, argazkien B aldea aztertuz, sentimenduak, bizipenak eta bestelakoak landuko dituzte argazkilari lasartearrarekin 'Zugandik' tailerrean.
Argazki kamerari objektibo feminista jarri diozu. Nola egin duzu ibilbide hori?
Batez ere esperientzia pertsonaletik hartu dut ibilbide hori. 40 urte nituela bi dibortzio egin nituen, bata pertsonala eta bestea profesionala. Argazki estudio bat nuen Donostian, beste bi bazkiderekin batera. Stop handi bat egin nuen. Bi urtez beste lan batzuetan ibili nintzen. Argazkilaritzari eutsi nahi nion, baina beste modu batera. Erretratuak egin nahi nituen, baina zertarako? Norentzako? Onura eragingo zuen argazki mota bat egin nahi nuen. Orduan hasi nintzen Hernaniko Iturolan, Eraldaketa Soziala helburu duen Koop Fabrikan. Hor sentitu nuen emakumeenganako behar hori.
Horri lotuta, hain zuzen, ‘Zugandik’ tailerra eskainiko duzu. Nola garatu duzu?
Lehendabizi, Koop Fabrikan hasi nintzen planteatzen. Gakoa izan zen Koop Fabrikan aurkeztu nuenean proiektua, Bartzelonako Instituto 8 Irudiaren Pedagogia Bisual eta Terapeutikoan oinarritutako gradu ondorengo batekin topo egin nuela. Bertan erakutsi zidaten nola gertura naitekeen pertsonengana, zein ariketa mota egin, argazkiak zein bi hizkuntza mota dituen: bata, ikusten duguna eta bestea, beste aldean dagoena; alegia, ikusten ez dena, eta emozioekin lotzen gaituena. Hori izan zen gakoa, eta hortik abiatu zen ‘Zugandik’.
Emakumeen Ahalduntze Eskolen barruan egongo da tailerra. Nola lagundu dezake argazkilaritzak ahalduntzen?
Pila bat lagundu dezake. Erakutsiko dudan metodologia ez da izango argazkilaritza ikastaro bat, baizik eta argazkien bitartez nola zure buruarekin konektatu edo zure burua ezagutu dezakezun. Hitzekin esan ezin dezakezuna inkontzienteki esaten duzu argazkien bitartez. Hortik konturatzen hasiko zara zer esaten ari zaren irudiaren bitartez, isilean. Gako batzuk egongo dira: askotan norberak antzemango ditu eta besteetan taldeko beste emakume batzuek ikusiko dituzte zugan. Hori zuri esatea oso polita eta esanguratsua da. Zuk ikusten ez dituzun alderdi asko ikusiko dituzte besteek zugan. Hori plazaratzea izugarria da. Ez da bakarrik ahalduntze pertsonal bat; talde ahalduntzea baizik.
Paradoxikoki, ez zaizu iruditzen egungo gizartean irudiak berak kalte egin diola emakumeari, sare sozialetan, kasu, estereotipoak indartuz?
Eskarapate hutsa da. Instagramen selfie bat jartzen badut, nire momentuko argazki hori salmenta eskaparate bat bezalakoa da, baina egitan barruan dagoena ez dakizu zer den, eta nik barruan dagoen horri ematen diot garrantzia. Zentzu batean arriskutsuak iruditzen zaizkit eta batez ere kezkatzen naute gazteek askotan asko pentsatu gabe nola publikatzen dituzten argazki horiek. Hurrengoan, agian, gazteengana zuzenduko naiz. 13 urteko alaba bat daukat, eta ikusten ari naiz zer pasatzen den inguruan. Argazkilaritza beraiekin erabiliko nuke, hain justu, ikusteko zer saltzen duten, eta era berean, zer ezkutatzen ari diren. Ezkutatzen ari diren horri garrantzia eman, eta hortik hasi benetako lanketa egiten.
Askotan emakumeek hitz egiteko espazioak falta dituzte. Zure tailerra bera emakumeentzako elkargune bat izango da?
Bai. Horrela guretzako denbora hartuko dugu, guretzako espazio bat, eta emakume parte hartzailea entzuna sentituko da, baita babestua ere. Gure bizipenak kontatzen goazen heinean, ziurrenik, beste norbaiti pasako zitzaion hori edo antzekoren bat, eta orduan, denon ahotsa entzungo dugu. Azkenean, irudietan aterako den horrekin zuzenean lotuta egongo da. Irudietatik aterako dira konbertsazio horiek eta bizipen horiek.
Zortzi saio izango dira. Nola gauzatuko dituzue?
Lehenengo saioan nire prozesu pertsonala erakutsiko dut, ikusteko denoi pasatzen zaizkigun gauzak izan daitezkeela. Garrantzia eman nahi diot ere argazki bat ateratzerakoan zer ikusten dugun, baina baita zer esan nahi dugun azpitik ere, subliminalki: zer informazio edo emoziorekin topatzen garen. Alde horrekin hasiko gara lanketak egiten. Argazkiaren B aldea deitzen zaio horri; fotologia horretaz arduratzen da. Nire asmoa, aurrena, taldeak behar duen markoa eraikitzea da, etortzen diren momentuan babestuak senti daitezen, eta bertan egiten dituzten lanketak erraz eta lasai egin ahal izateko. Bakarkako ariketak zein binakakoak edo taldekakoak egingo dituzte. Gure zentzumenak ere aktibatuko ditugu eta sormen prozesu bat egongo da; bakoitza dagoen momentutik hasiko da argazkiekin. Horrez gain, emakume argazkilariak ere ezagutuko ditugu.
Nori dago zuzenduta tailerra?
Gutxi gorabehera 40 urte inguruko emakumeei. 40 urteak gakoa dira niretzat, munduak krak egin zidalako. Orduan hasi nintzen pentsatzen ‘zer da hau?’, ‘hau betirako nahi dut’, ‘ez dago ezer gehiago, ja ama naiz, bizi behar dut nire seme-alabentzako eta ezin ditut beste esperientzia batzuk bizi’… Adina baino gehiago, heldutasun batera iritsi diren emakumeentzat da. Ja iritsi denean bizitzako momentu bat esaten duzula ‘hau betirako da? 80 urtera arte horrela bizi behar dut?’. Galdera horiek egiten hasten zarenean bizipen bat daukazu, lanketa bat, eta horientzako da