Santano: "Azken orduetan hirian sortzen ari den giroagatik arduratuta gaude"
Alkateak jakinarazi du Ertzaintzak ikerketa abian duela sare sozialetatik zabaltzen ari den deialdi arrazista eta faxistaren atzean nor dagoen jakiteko.
Irungo Udalak eta Jose Antonio Santano alkateak badakite biharko (larunbata) hainbat pertsonak traza arrazista eta faxista duen deialdia egin dutela. Deialdiaren berri Ertzaintzak eman diela jakinarazi du agintariak, “sare sozialetan egiten ari dira deialdia. Ertzaintza horiek ikertzen ari da”. Hala ere, deialdiaren ezaugarriez kezkatuta dago alkatea: “Azken orduetan hirian sortzen ari den giroagatik arduratuta gaude”.
Alkatearen ustez, indarkeria ez da justizia egiteko bidea,”eta noski, pertsonen kolektiboak ezin dira estigmatizatu”. Horrela, irundarrei deialdi horren aurrean zuhurtzia eta lasaitasuna izan dezatela eskatu die, eta aldendu daitezela “liskarren eremuetatik”. Alkatearen ustez liskarrek arazoak besterik ez dituzte sortzen.
“Irun beti izan da, eta da, elkartasuna adierazten eta harrera egiten duen hiria. Izaera horrek gure kaleetan izaten jarraitu behar du. Delinkuentziaren kontra poliziek jardun behar dute, eta jakin badakit horretan dabiltzala”, ziurtatu du Santanok.
Aldi berean, alkateak adierazi du ez direla gisa horretako deialdiak sare sozialetatik gehiago barreiatu behar: “Horiek geldiaraztea denon ardura da, denona eta norbanako guztiena”.