Moziorik ez da aurrera atera
Eztabaidatu dituzten mozioetan atzera bota dute Elitxuko auzo elkartearen eskaera: geldirik dagoen Lapize kaleko proiektuari heltzea.
Ordubete pasatxo iraun du gaur goizean egin den iraileko ohiko osoko bilkurak. Zortzi puntuko gai ordena zuten aurretik zinegotziek eztabaidatzeko, eta alkatetzako erabakien berri ematez gain, bi mozio zituzten eztabaidatzeko: PPrena, autobusetan kreditu edo ordainpeko txartelarekin ordaintzeko aukera proposatzen zuena, eta Elitxu auzo elkartearena bestea; Lapize kaleko proiektuari eustea eskatzen zuena.
Hirugarren bat ere gai ordenari batu ala ez eztabaidatu dute, EH Bildurena. Kasu honetan, argindarraren prezioaren igoera historikoa dela eta, urriaren 8rako egin duten itzalaldiarekin bat egitea proposatzen zuen. Hasteko, gai ordenari “urgentziaz” batu ala ez erabaki behar zuten zinegotziek, eta atzera bota dute PSE-EE, Podemos-Ahal Dugu IU eta PPren botoekin.
Aurkeztutako mozio bakarra ere ez da aurrera atera. PPk atzera bota du berak aurkeztutakoa. Borja Olazabal Garraio ordezkariak jakinarazi dio Gipuzkoako Foru Aldundia hori ahalbidetuko duen proiektu bat martxan jartzekotan dela, eta atzera botatzeko eskatu dio. Iñigo Manrique PPko ordezkariak “konfiantza botoa” jarri, eta erretiratu egin du. Elitxuko bizilagunen mozioak ez du udal gobernu taldearen babesik lortu, eta, horrenbestez, bertan behera geratu da.
Elitxuko bizilagunak “etsita”
Elitxuko auzo elkartearen izenean, presidenteak, Manuel Garciak, hartu du hitza, eta berak aurkeztu du mozioa. Proiektu horren atzetik “urteak” daramatzatela adierazi du, eta eztabaida luzeen ondoren, paralizatuta dagoela eta, plenora joatea erabaki dutela. Bizilagunak “etsita” daudela azaldu du, eta proiektuaren garrantzia nabarmendu du.
2020ko aurrekontuetan proiektua kontuan hartu eta haren gaineko berririk ez zutela kontuan hartuta, udalarekin harremanetan jarri ziren. Udalak partida atzera bota zuela azaldu zien, kiroldegia Plaiaunditik Txenpereneara eramateko obrak direla eta, Lapizeko proiektua kaltetuko zuela argudiatuta. Bizilagunak “zur eta lur” geratu zirela adierazi du, eta udal gobernuak aurkeztutako argudioak “hutsalak eta eskasak” direla iritzi diote.
Horren ordez, udalak Lapize kalea hobetze lanak egingo ditu, eta 110.000 euroko proiektu bat bideratu du. Horrek, ordea, ez dituela bizilagunak asetzen adierazi du Garciak.
Cristina Laborda Hiri Lan Arloko ordezkariak testuinguruan jarri du udalaren jarrera, eta gogorarazi du auzoak ez duela zerikusirik duela 15 urtekoarekin, eta epe horretan hainbat hobekuntza lan egin dituztela, “milioka euroko inbertsioa egin dugu”. Zentzu horretan, pandemiak eragindako une honetan, 1,5 milioi euroko inbertsioa egiteko moduan ez daudela jakinarazi du Labordak, “baina ez gara kale horretaz ahaztuko”. Hor kokatu du, Lapize kalerako 120.000 euroko kreditu aldaketa. Udalak “baliabideak kudeatu” behar dituela ondorioztatu du Hiri Lan ordezkariak, “eta horregatik lehentasuna eman behar diegu gauza batzuei”.