Europako funtsetatik hiru proiektu garatzeko laguntzak lortzea espero du Santanok
Komertzioari, garraioari eta turismoari lotutako proiektuak dira, eta ia 7 milioi euroko aurrekontua batzen dute. Egitasmo batzuetarako laguntzen %100 jasotzeko aukera dagoela azaldu du alkateak.
“Normaltasunera bueltarako bidean” kokatu du datorren ikasturterako Irungo Udalaren jarduna Jose Antonio Santano alkateak, eta “oraindik zuhurtziaz” jokatu behar dela uste duen arren, txertoen garapena eta kutsatzeen jaitsiera “baikorrak” izateko arrazoiak direla adierazi du. Testuinguru horretan udalaren datozen hilabeteetan hiriaren “izaera bizia” errekuperatzen joango direla adierazi du, eta horren adibide batzuk eman ditu: udazkeneko kultur programazioa, merkataritza eta ostalaritzako bonuen kanpaina eta Gabonetako kanpaina.
Europako diru funtsek ere, ekonomia eta gizartearen errekuperazioari bultzada emango diela iritzi dio, eta horiei esker, hainbat proiektu “handi” aurrera atera ahal izango dituztela. Europako funtsak dagoeneko “errealitate” bihurtzen ari direla adierazi du, eta hainbat deialdi dagoeneko egin dituztela horiek eskatzeko.
Irungo Udalak hiru arlotan eskatuko ditu diru laguntzak horien barruan hainbat proiektu garatzeko: turismoa, merkataritza eta garraioa.
Turismoari dagokionez, deialdia Espainiako Industria, Merkatritza eta Turismo Ministerioak egin du, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 50.000 biztanletik gorako herriek Helmugetako Jasangarritasun Turistikoarekin lotutako laguntzak eskatu ahal izango dituzte. Laguntzaren %100 jaso dezakete, eta datozen hiru urtetan (2022, 23 eta 24) garatu beharko da. Irungo Udalak aurkeztutako proiektua batik bat Oiasso museoko termak egitera bideratuta dago. Horrek eramango du kopuru handiena, baina horrez gain, museoa digitalizatu eta turismo helmuga adimenduna izateko hobekuntzak egiteko. Proiektuaren aurrekontu osoa 3 milioi euro ingurukoa da.
Bigarren deialdia Espainiako Industria Ministerioak egindakoa da, eta Merkatuei, merkataritzako hiri inguruei, merkataritza ez sedentarioari eta merkaturtze bide laburrei babesa ematea du helburu. Eskabideak aurkezteko epea datorren astean bukatuko da, eta Irungo Udalak epe horretan aurkeztea espero du. Kasu honetan, hiriko merkataritzaren digitalizazio prozesuari heltzea da, modu integral eta jasangarrian, hala nola, Irungo Market Place bat garatuz. Proiektu osoak 720.000 euroko aurrekontua du, eta gutxienez, %60an finantzatzea espero du alkateak.
Hirugarren deialdia, berriz, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak egin du, hirietan emisio txikiko eremuak ezarri eta garraioaren eraldaketa digital eta jasangarria egiteko. Datorren astean bukatzen da deialdiak aurkezteko epea ere, eta 2024ra arteko epean gauzatu beharko da. Irungo Udalaren asmoa 2. linea elektrifikatzea izango da. Lau autobus elektriko berri erosi nahi ditu, eta bi flota berritzeko, eta beste bi ordezko moduan. Horrez gain, erdialdeko eremu batzuk oinezkoentzako gune bihurtzea eta Santa Elena eta San Juan eremuak berrurbanizatzea biltzen du proiektuak. Guztira, 2,8 milioi pasatxoko aurrekontua izango du egitasmo honek.
2022ra begira ere deialdi berriak izango direla jakinarazi du Santanok. Laguntza horieta aurkeztuko dituen proiektuen artean, hala nola, aduana zaharraren eraikina berreskuratzea, Emigrazioaren eraikinaren barnealdea birgaitzea eta Iñigo Loiolakoaren hiri eremua berrurbanizatzea aipatu ditu.