Europako Mugikortasunaren Astea "positiboki" baloratu du partzuergoak
Irun, Hendaia eta Hondarribiko udalek partzuergoaren bidez antolatutako jardueretan parte hartzea "positiboa" izan dela nabarmendu dute.
Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak Europako Mugikortasun Astearen balorazio “positiboa” egin du komunikabideetara igorritako ohar baten bidez. Hendaia, Irun eta Hondarribiko udalek partzuergoaren bidez antolatutako jarduerei erreferentzia egin die partzuergoak oharrean.
Zehazki, Energiaren alde pedalei eragiten, Segurtasuna bizikletan eta Bizikleten diagnostikoa izan dira Behe Bidasoko hiru udalek partzuergoaren bitartez eskainitako tailer komunak. Eguraldiak lagundu ez arren, parte hartzea “nahiko ona” izan dela adierazi dute Borja Olazabal, Juan Luis Silanes eta Ganix Graberieres Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako Mugikortasun zinegotziek, hurrenez hurren.
Ildo horretan, hautetsiek nabarmendu dutenez, “pertsona asko hiru herritakoren bateko jardueretara hurbiltzera animatu izanak herritarren apustu garbia erakusten du, ingurumena ez ezik, osasuna ere errespetatzen duen mugikortasun iraunkorraren alde”. Norabide horretan lanean jarraituko dutela ziurtatu dute arduradunek.