HAPOaren lehen dokumentua gizarteratzeko neurriak hartu ditu udal gobernuak
HAPOaren aurrerapen dokumentua jendaurrean ezagutarazteko erakusketaz gain, bisita gidatuak, bilera informatiboak eta parte hartze tailerrak antolatu dituzte datozen asteetarako.
Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aurrerapen dokumentua gizarteari ezagutarazteko hainbat iniziatiba martxan jarri ditu udal gobernuak, Txomin Sagarzazu alkateak eta Maria Serrano Herritarrekiko Harremanak zinegotziak gaur goizean jakinarazi dutenez. Arma Plaza eraikineko bigarren solairuan egin dute agerraldia, HAPOa jendaurrean erakusteko prestatutako aretoan.
Zabaldutako informazioaren arabera, HAPOak jasotako alternatibak ezagutaraztea da xedea. Sagarzazuk zehaztu duenez, «herritarren iritziak eta proposamenak» jasotzea da gakoa, HAPOa «partaidetza fasean» baitago. Hori horrela, udal agintariaren hitzetan, «herritarren parte hartzearen ikuspegitik oso une garrantzitsua da, une honetan plangintzak maniobra-tarte handiena baitu».
Erakusketaz harago
HAPOaren aurrerapen plana jendaurrean aurkezteko martxan jarritako webgune bereziaz gain, Arma Plaza eraikinaren bigarren solairuan jarritako erakusketa herritarren eskura dagoela gogoratu du Maria Serranok. Are gehiago, erakusketa hobeto ulertzeko teknikariekin hitzordua eska dezaketela interesdunek jakinarazi du hautetsiak. Era horretan, bisita gidatuak egiteko aukera hondarribiarren esku utzi du gobernu taldeak. Arkitekto baten laguntza ere jaso ahal izango dute interesdunek zehaztapen teknikoak ulertu ahal izateko. Horiekin hitzordua eskatzeko ondoko posta elektronikora jo dezakete interesdunek.
Ildo horretan, hilaren 27an eta 28an hitzaldi informatiboak aurreikusi dituzte, lehena euskaraz eta bigarrena gazteleraz, hurrenez hurren. 18:00ak eta 19:30ak bitartean garatuko dira hitzaldiak, Itsas Etxea Auditoriumean. «Aurrerapenaren edukiaren berri emateko, bai eta hura idatzi aurreko fasean herritarrek izandako parte hartzearen ondorioen berri emateko» saioak izango direla gehitu du Serrano zinegotziak.
Azkenik, urriaren 1ean, 15ean eta 22an parte hartze tailerrak egingo dituztela azaldu du hautetsiak. Aurrerapenaren edukia «modu kolektiboan» eztabaidatzea eta herritarren aldetik «inplikazio handiagoa» lortzea dira tailerren helburua. 18: 00etatik 20: 00etara egingo dituzte tailerrak eta irekiak izango dira plazak bete arte. Serranoren arabera, «tailerrak elebidunak izango dira, eta planaren funtsezko alderdi bati buruzko hausnarketa kolektiboa egitea izango dute helburu. Alderdi hori lurralde-estrategiarena izango da urriaren 1ean, mugikortasunarena 15ean, eta hiria birgaitzearena urriaren 22an».