Gurasoekin eta Gazteekin ikastaroetan izena eman daiteke jada
Guraso eta seme-alaben arteko lotura afektiboak indartzeko giltzarriak emango dizkiete helduei eta gazteei aldiz, egungo erronkei era positiboan aurre egiteko gakoak.
Gurasoekin eta Gazteekin ikastaroetan izena eman daiteke jada, hala jakinarazi du Gizarte Ongizate saileko ordezkari David Nuñok. Prebentzio gaiak lantzeko ikasturte hasierarako prestatutako egitasmoaren berri eman du gaur, Ion Arruabarrena eta Andrea Aranguren terapeutekin batera. Ordezkariaren arabera, “era honetako programak guztiz beharrezkoak dira oraindik ere; izan ere, gure arloak nerabeekin eta familiekin egiten duen lana berresteaz gainera, izaera prebentiboa dute, eta hori ezin dugu ahaztu”.
Gurasoekin ikastaroan, guraso talde txikiak bilduko dira, astean behin edo hamabostean behin. Gurasotasun positiboa sustatzea du helburu, finean, aita-amen eta seme-alaben arteko lotura afektiboak indartzeko giltzarriak emango dituzte. Taldeak osatzeko kontuan izango dituzte apuntatutako familien beharrak eta seme-alaben adina. Guztira, 12 saio egingo dituzte. Aurten, gainera, berritasun gisa, 25 urtetik beherako gurasoentzako talde bat osatuko dute, ordezkariaren hitzetan, “uste baitugu guraso gazteekin lan egin beharra dagoela gurasotasun positiboan prestatzeko eta orientatzeko”.
Bestalde, Gazteekin izeneko programaren barruan, 12-17 urte bitarteko nerabeei bizitzarako trebetasunak lantzen lagunduko diete. Nerabeek eta gazteek egungo munduaren erronkei era positiboan aurre egiteko gaitasun handiagoa ematea da asmoa, zehazki, ondorengo hamar trebetasunak: norberaren ezagutza, enpatia, komunikazio asertiboa, pertsonen arteko harremanak, erabakiak hartzea, arazoak eta gatazkak kudeatzea, pentsamendu sortzailea, emozioak eta sentimenduak kudeatzea eta tentsioak zein estresa kudeatzea. Lau talde osatuko dituzte, eta astero bilduko dira, 75 minutuko saioetan. Adinaren arabera, bi taldetan banatuko dituzte partaideak.
Bi programak doakoak direla gogoratu du udalak, eta saio guztiak Palmera Montero Gunean egingo dituztela. Horietan parte hartzeko esteka honetara jo beharko dute interesdunek, edo 943 505 152 telefono zenbakira ere deitu daiteke. Urriaren 15a izango da izena emateko azken eguna.