Bizikletak aparkatzeko gune berriak ezarri ditu udalak
Hainbat bizilagunek udalean aurkeztutako eskaeren ondorioz erabaki dute udalerriko zenbait gunetan bizikleta aparkaleku berriak sortzea.
Udaleko langileek bizikletak aparkatzeko gune berriak ezarri dituzte hiriko hainbat tokitan. Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak eman du horren berri.
Silanesek atzerabegiratua egin du azken hilotan udalak sortu dituen aparkatzeko gune berriak gogora ekartzeko: Amuten, Talaia Institutu ondoan, Bordari Ikastetxean, Mendelun, Portuko Elizaren atzealdean, Uria Harresian, San Nikolaseko zubiaren aurrean, eta Jostaldi frontoiaren inguruan daude halakoak.
Hondarribiarren hainbat iradokizun jaso izanagatik, eta udalak behar horiek aztertu ondoren, aparkatzeko gune berriak ezartzea erabaki dute. Horiek Mendelun, Santiago eta San Pedro kaleen artean, Bidasoa ibilbidean, Martxoak 8 plazan eta Minasoroeta kalean daude.
Zinegotziak uste du “oso erabiliak” izango direla azken gune horiek. Iniziatiba Hondarribia Mugitzen ari da proiektuarekin bat datorrela ere azaldu du, horren helburu nagusietako bat baita herritarrek ibilgailu pribatua gutxiago eta bizikleta gehiago erabiltzea.