Asier Bulman parakanoistak brontzezko domina lortu du Aranjuezen
Bakarkako lanean erdietsi du podiuma. K-2 inklusiboan ere lehiatu da irundarra, baina arrebarekin osaturiko biko ontziak ezin izan du proba bukatu.
Asteburuan lehiatu da Aranjuezen (Madril) parakanoaren eta kayak inklusiboaren arloan dagoen egutegiko proba garrantzitsuenetako bat, azken urteotan nabarmen indartzen ari dena: Tajo ibaiko IX. Rappel Inklusiboa. Bertan izan dira, Pasaia Kayaken ordezkari, Asier eta Haizea Bulman anai-arreba irundarrak.
Asier Bulman parakanoistak brontzezko domina lortu zuen txapelketa hartan, bakarkako lanean. Irundar gazteak uztailean eskuratu zuen parakanoista gisa aritzeko kalifikazioa, eta oso emaitza onak lortu ditu jokatu dituen probetan, bai bakarkako lanean, bai K-2 inklusiboan, alegia, parakanoista batek eta ohiko piraguista batek osatu behar duten biko ontzian.
Elkarlan piragua hartan aritu zen Asier, halaber, haren arrebarekin batera, K-2 inklusiboa osatuz. 1.000 metro bete behar izan zituzten Haizea eta hark, ziaboga batekin, eta lehenengandik urrun samar bazeuden ere, lan txukuna burutzen ari ziren, azken metroetan irauli egin ziren arte; ezin izan zuten proba bukatu.
Esperientzia berria izan zen anai-arrebentzat beren lehenengo K-2 inklusiboan, eta Asierren arrakastak zapore gozoa eman zion bizitako guztiari. Hurrengo aukerari gogoz ekingo diote gazte irundarrek.