[Bideoa] 'Un blues para Teheran', Amua jaialdiaren hurrengo proposamena
Javier Tolentinoren parte hartzearekin, haren lehen ikus-entzunezko lana proiektatuko dute hilaren 25ean. Urte bukaerara bitartean beste bi hitzordu iragarri ditu Amuak.
Javier Tolentino zuzendariaren Un blues para Teheran musika dokumentala proiektatuko dute hilaren 25ean, Itsas Etxea Auditoriumean (19:00). Ernesto Toledo Amua elkarteko arduradunak eta Juan Luis Silanes Hondarribiko Udaleko Kultura zinegotziak eman dute hitzorduaren berri gaur goizean, auditorioaren kanpoaldean.
“Javier Tolentino Radio 3 irrati kateko langilea izan da. Orain, jubilatu berri da eta film zuzendaria da”, azaldu du Silanesek. “Un blues para Teheran haren lehen lana da, Iraneko musika eta lurralde hori musikaren bitartez hobeto ezagutzeko aukera emango digun dokumentala”.
Hondarribiko proiekzioaren aurretik Donostiako Zinemaldian emango dute Tolentinoren lana bezperan. Toledoren arabera, “guretzako zorionez, hurrengo egunean Hondarribian izango dugu filmaren aurkezpena egiten. Harekin batera, Luis Miñarro dokumentalaren produktoreetako bat ere izango da”. Antolatzaileak nabarmendu duenez, “Espainiako indie zine generoaren produktorerik ospetsuena”. Era berean, Walter Geromat filmeko musika konpositoreak zuzenean konektatuko du Itsas Etxearekin saxofoiarekin emanaldia eskaintzeko. Proiekzioaren bukaeran denbora izanez gero, solasadia abiatzea ere aurreikusi dute.
2021eko azken hiruhilekoa
Silanesek eta Toledok aurreratu dutenez, azaroaren 13an Summer of soul dokumentala proiektatu dute Itsas Etxean Amuaren eskutik. Toledoren hitzetan, “ezaugarri oso sozialak dituen lana da Estatu Batuetan arrazismoak duen pisuak markatuta”.
Azkenik, abenduko zubian Nazioarteko Musika Film Laburren lehiaketa egitea aurreikusi dute. Silanesek ezagutarazi duenez, “akordio garrantzitsu bat itxi dugu beste alderdi batekin. Oraindik ezin dugu iragarri baina horren inguruko albisteak etorriko dira”. Nazioarteko bi enpresarekin ere itxi dutela hitzarmena aurreratu du Toledok, nahiz eta momentuz ezin duten argibiderik eman: “Ahal dugun momentuan prentsa oharra eta informazio guztia kaleratuko dugu”.
Pertsonen edukiera mugak urritik aurrera zabalduko direla iragarri du, halaber, Kultura zinegotziak.
Ondokoa da Un blues para Teheran dokumentalaren trailerra. Jatorrizko bertsioan dago gaztelerazko azpitituluekin.