Mugikortasunari buruzko EHUko ikastaroan parte hartu du Santanok
Irungo alkateak Irun 30 egitasmoaren aurrerapenak azaldu ditu. Horrez gain, hirian abiatutako zenbait proiektuz ere aritu da.
Irungo alkate Jose Antonio Santano, Donostia eta Azpeitiko alkateekin batera, mugikortasunari buruzko EHUko udako ikastaroan parte hartu du gaur. Mugikortasun jasangarria, mugikortasunaren jasangarritasuna izenburupean egin dute, aldundiaren egitasmoz. Miramar jauregian elkartu dira.
“Horrelako foroetan egotea beti da aberasgarria, aukera ematen baitigu gure
esperientzia eskaintzeko eta besteenetik ikasteko. Mugikortasun jasangarriaren
alorrean, Irunen urrats asko egin ditugu, eta gehiago egiten jarraitu behar dugu,
kontuan hartuta gizarte gisa zer erronka dugun klima-aldaketari aurre egiteko. Irun 30, dagoeneko duela 10 urte, funtsezko mugarria izan zen, eta harrezkero, oinezkoentzako gune gehiago egiten jarraitu dugu, eta bizikleta bidezko mugikortasuna sustatu dugu, eta garraio publikoa indartu”, esan du ikastaroan alkateak.
Santanok Irun 30 egitasmoaren aurrerapenak azaldu ditu, eta 2010an abian jarri zutenetik “datu positiboak” eman dituela gaineratu du. Horrez gain, Klimarako eta Energia Eragiknorrerako Ekintza Plan berriaz, Irunbuseko lehen linea elektrifikatzeaz eta bidegorrietan egindako inbertsioez ere aritu da.