Aitortza jaso du Bitoriano Etxabe apaizak
Hondarribia Berdintasun Hiria saria jaso zuen atzo Hondarribiko parroko ohiak. Orain dela 25 urte alardean modu parekidean parte hartzeko saiakera egin zuten herritarrak ere omendu zituzten.
Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria banatu zuen atzo Jaizkibel konpainiak Itsas Etxea Auditoriumean. Bitoriano Etxabe Hondarribiko Jasokunde eta Sagarrondoko Andra Mariaren Eliz Parrokiko apaiz ohiak jaso zuen aurtengo aitortza, 2018. urteko gertakarien ondorioz “konponbidea lortzeko egindako ahaleginagatik”.
Ekitaldi hunkigarria eta berezia izan zen atzokoa. Izan ere, bikarioari egindako aitortzaz gain, orain dela 25 urte alardean modu parekidean parte hartzen saiatu ziren lehen herritarrei errekonozimendua eskaini nahi izan zien konpainiak. Virginia Imaz pailazoak biribildu zuen ekitaldiaren itxiera.