[Bideoa] Asteburu beltza berdeentzat
Hondarribiko emakumeen traineruak Euskotren Ligako plaza galdu du. Gizonenak, berriz, bigarren postuarekin konformatu behar izan du Eusko Labelen.
Hondarribiko emakumeen traineruak laugarrenez izan du jokoan asteburu honetan Euskotren Ligako plaza mantentzeko play-offa. 2018an, 2019an eta 2020an ez bezala, aurtengoan ezin izan diote arraunaren liga gorenean aritzeko eskubideari eutsi. Larunbatean eta igandean Bermeon eta Portugaleten egindako erlojupekoetan hirugarren eta bigarren izan da Ama Guadalupekoa hurrenez hurren. Bietan Tolosaldea irabazle. Euskotrenerako plaza bakarra jokoan izanik, hori Tolosaldeak eskuratu du; lehenengoz ariko dira haiek Euskotrenen.
Larunbateko erlojupekoan egon zen asteburuko eta play-offeko gakoa. Ez zuten estropada ona egin berdeek. Hirugarren sailkatu ziren Iker Cortesek entrenatutakoak Bermeon, bi puntu eskuratuz (Tolosaldea lehenak lau eta Deustu bigarrenak hiru). Baina postua baino, lehenarekiko izan zuen segundo galerak baldintzatu du berdeen asteburua: Tolosaldearekiko hamazazpi segundo atzetik iritsi ziren helmugako balizara, eta bigarren izan zen Deustutik zazpira. Hau da, igandekoan irabazi bakarrik ez, segundo alde izugarria atera behar izanen zuten hondarribiarrek mailari eusteko. Ezinezko izan zuten. Atzokoan bigarren izanda (Tolosaldeatik hiru segundora) mailari eusteko aukera guztiak galdu zituzten.
Lau urtez jarraian izan da Euskotren Ligan Hondarribia. Liga horretan urte horietan izan den laukoteko azkena izan da beti, hau da, play-offa jokatu behar izan dute. Traineru gaztea da berdeena, eta jaitsierak ez du izan behar abian duten bidearen etena. Zail izango dute 2022an berriz ere galdutako plaza berreskuratzea (azken urteetan hala izan da), baina ez dute etsi behar. Harro behar dute izan egindako guztiaz.
Gizonen trainerua
Gizonen Ama Guadalupekoak zail zuen Eusko Label Liga irabaztea asteburuan. Santurtzik zortzi puntuko aldearekin hasi du aste bukaera sailkapen nagusiari dagokionez, eta Bermeon hirugarren eta atzo Portugaleteko El Corte Inglesen zazpigarren izan ondoren, behin betiko sailkapen nagusian bigarren geratu da Hondarribia, Santurtzitik 14 puntura. Jada larunbateko estropadaren emaitza ikusita ezinezko jarri zen irabazleen koroa etxera ekartzea berdeentzat. Asteburuko biak Santurtzirentzat izan dira, irmo defendatu dute lidergoa. Sasoiko trainerurik indartsuena izan da Sotera.
2016tik 2021eko Eusko Label Ligako edizio guztietan bigarrena izan da Hondarribia. Beti izan du azken bost liga horietan norbait aurretik; 2015an irabazi zuten azkenengoz liga nagusia. Edonola ere, hainbeste urtean hain goian egoteagatik (bandera asko irabazita, aurten sei) oso nabarmentzekoa da traineruaren erregulartasuna eta borrokarako borondatea.
Arraun sasoia bukatu da. Atzo ilunabarrean harrera egin zieten hondarribiarrek herriko arraunlariei. Ondoko bideoan harrera horren laburpena (Hondarribia Arraun Elkarteak egindakoa da ikus-entzunezkoa).