13.000 poltsa berrerabilgarri banatu ditu udalak
Hiriko dendetan banatzen hasi dira, erosleek "erabilera bakarreko plastikozko poltsaren ordez poltsa berrerabilgarriak" erabil ditzaten.
Hiriko dendetan poltsa berrerabilgarrien erabilera sustatzeko kanpaina bat abiatu berri du Irungo Udalak. Zehazki, 13.000 poltsa enkargatu ditu Erosi Irunen leloarekin, erosleek “erabilera bakarreko plastikozko poltsaren ordez poltsa berrerabilgarriak” erabil ditzaten. Eskola Agendatik datorren egitasmoa da, eta bertan parte hartutako ikastetxeek egindako proposamenen artean kanpaina hau egitea onartu zuten.
“Tokiko dendetan erostea kontsumo arduratsuaren sinonimoa bada, are gehiago da poltsa berrerabilgarriak erabiltzen baditugu. Hori da kanpaina honen bidez sustatu nahi dugun ideia. Kanpaina hau, gainera, ikastetxeen eskutik dator, Eskolako Agenda 21i egindako ekarpenei esker, eta gero Aurrekontu Partizipatiboetan hautatua izan zen”, esan du Ingurumen saileko ordezkari Borja Olazabalek.
Hiriko denda askotan hasi dira poltsa horiek banatzen, bereziki harategietan, arrandegietan, janari dendetan eta horrelakoetan.