Udazkeneko udal agenda kulturala aurkeztu dute
Zinema, dantza, antzerkia eta musika eskainiko duen udazkeneko agenda kulturala osatu du udalak. Esate baterako, DokuIrun eta 'Zure abenturaren bila' programek beste denboraldi bat izango dute, abendua bitarte.
Udazkeneko kultur agendaren berri eman du gaur Juncal Eizagirre Kultura ordezkariak. Jarduerak Amaia KZn, CBA Liburutegian, Oiasso Erromatar Museoan eta Menchu Gal aretoan izango dira. Lau multzotan sailkatu ditu ordezkariak kultur ekitaldiak: antzerkia, dantza, musika eta zinema. Sarrerak guztiak, esteka honetan eskuratu daitezke.
Zinema
DokuIrun programak denboraldi berria hasiko du, Amaia KZn, datorren ostiralean (hilak 24). Hasteko, Marina Lameiroren ‘Dardara’ ikus-entzunezkoa proiektatuko dute, arratsaldeko 19:00etan. Hilabetero dokumental bat eskainiko dute, hurrengoa urriaren 25ean izango da.
Era berean, ‘Zure abenturaren bila’ proiekzio-hitzaldi saioa ere berriz martxan jarriko da. Lehen saioa urriaren 7ean eskainiko da, Amaia KZn, iaz bezala, eta, “Iran eta Erdialdeko Asia bizikletan” aurkeztuko du Alvaro Teixeirak. Bestalde, jarduera honen baitan, urriaren 19tik 22ra Irungo Donejakue Bidearen XVII. astea egingo da, besteak beste.
Antzerkia
Guztira zazpi antzezlanez gozatzeko aukera egongo da, helduei eta haurrei zuzendutakoak. Lehena, irailaren 25ean (datorren ostirala) Logela Multimediak “Tártalo” antzeztuko du, Amaia Kultur Zentroan, arratsaldeko 17:00etan. Udazkeneko bigarren saioa ‘Elektra 25’ ikuskizuna izango da, urriak 9an Atalaya teatroaren eskutik.
Dantza
Bi dantza ikuskizunen berri eman du udalak, ‘Mutu’ aurkeztuko du Neri(H)ari konpainiak, 19:00etan, urriaren 3an, Amaia Kultur Antzokian, eta, Azaroaren 28an, berriz, Kemen Dantza Taldea igoko da oholtzara.
Musika emanaldiei buruz aurreratu dute, 10 ikuskizun daudela baieztatuta: “horietako 6 jende ororentzako, eta 4, batez ere, familientzat”. Hurrengo astean argitaratuko dute musika kartela osatuta.
Ikastaro batzuk ere aurkeztu ditu Eizagirrek, hala nola, Donejakue bideari buruzkoa Oiasso Museoan “Camino de Santiago, se hace camino al andar. Historia, arqueología, arte, leyendas y mitos jacobeos” izenburupean.