Gizon bat atxilotu dute Irunen alkoholemia kontrol batetik ihes egin ostean
Ertzaintzaren arabera, Pasai San Pedrotik Irunerako bidea egin du ihesi, eta, bidean, "debekatutako maniobrak" egin ditu, beste ibilgailu batzuk arriskuan jarriz.
Ertzaintzak 25 urteko gizon bat atxilotu du, gaur, ausarkeriaz eta alkoholdun edarien eraginpean gidatzea egotzita. Ertzaintzaren arabera, 00:45 aldera, Pasai San Pedron zegoen alkoholemia kontrolean aurrera jarraitu du ibilgailu batek bertan gelditu beharrean. Iturri berak jakinarazi duenez, gizonak ertzain baten kontra egin du, eta honek “errepidera jauzi” egin behar izan du autoa saihesteko, baina ez da zauritu.
Gidariak aurrera jarraitu du “abiadura bizian”, eta, bidean, “debekatutako maniobrak” egin dituela adierazi du poliziak beste ibilgailu batzuk arriskuan jarriz. Horrez gain, “Ertzaintzak dituen baliabideen laguntzarekin” Errenteriako Beraun auzoan autoa AP-8 autobidera sartu eta 200 kilometro orduko abiadura hartu duela egiaztatu ahal izan dute. Ordainlekura iristean, “hesia jo eta hautsi” egin duela gaineratu du Ertzaintzak.
Handik minutu batzuetara, Oinaurre auzoan atzeman dute gizona, istripua izan ostean. Identifikatu eta alkoholemia froga egin dute. Ertzaintzaren esanetan, delitu-tasa eman du, eta atxilotu egin dute.
Handik Ertzaintzaren egoitzara eraman dute, eta gaur egunean zehar jarriko dute Irungo Guardiako Epaitegiaren esku jarriko dute.