Ilustrazioa izango da igandeko Gira Biraren protagonista
Ohiko musika saioaz gain, ilustrazio tailerrak eskainiko dituzte, haur zein helduentzako. 10:30ean hasiko dute igandeko Gira Bira.
Igande honetan (hilak 19) Gira Bira programaren denboraldiko hirugarren saioa egingo dute Soroxartan. Eta igandeko saiorako ilustrazioaren gaia estreinatzeko apustua egingo du udalak. Hala, parkera hurbiltzen direnek ilustrazioaren munduan murgiltzeko tailerrez gozatu ahal izango dute, ohiko kontzertuaz eta erakusketaz gainera.
Lehen zatian tailerrak egingo dituzte, eta gero, soul musikako kontzertu bat eskainiko dute. 10:30ean hasiko dituzte tailerrak, Andrea Escargot eta Jon Saenzekin. Euskaraz eskainiko dituzte, eta sei urtetik gorako haurrei begirakoak izango dira.
Helduek ere tailer batean parte hartzeko aukera izango dute, Lorena Martinez Oronozekin. Tailer guztietan izena emateko, esteka honetara jo beharko dute interesdunek.
Gainerako herritarrentzako 12:00etan irekiko dituzte ateak, 12:30ean hasiko baita Jehlaz & Los Suri Cats taldearen emanaldia. Kontzertuaz gainera, eskualdeko ilustratzaileen zenbait obra ere ikusgai egongo dira parkean.