Osasun egoera zaurgarrian dagoen migrante batek kalean lo egin behar izan duela salatu du Harrera Sareak
Ondeste prolapsoa eduki du, eta Irunera iritsiaz geroztik lau ebakuntza egin behar izan dizkiote. Aterpetxean bere osasun egoera zaurgarria kontuan hartu ez eta kalean lo egin behar izan duela salatu du.
Irungo Harrera Sareak Ibrahima (abizenaren berri ez du eman) Irunen dagoen migrantearen osasun egoeraz ohartarazi du, eta migranteentzat egokitutako harrera etxeetan jasotako tratua salatu du. Hala, ondeste prolapsoa zela eta, ebakuntza egin berritan Hilanderas aterpetxetik kaleratu eta noraezean ibili behar izan zuen, handik bi egunetara Irungo Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Zubia egoitzan amaitu zuen arte.
Harrera Sareak gertaeren kronologiaren berri eman du. Ibrahima irailaren 3an iritsi zen Irunera, osasun egoera txarrean. Zazpi orduko bidaia zutik egin behar izan zuen autobusean, eserita egon ezin zuelako. Hilanderasera eraman zuten, eta, hurrengo egunean, larunbatean, anbulantzian eraman zuten Bidasoaldeko ospitalera. Larrialdiko ebakuntza egin zioten, eta beste bi ebakuntza egin zizkioten egun horretan bertan. Laugarren ebakuntza bat egin zioten astelehenean.
Asteartean jaso zuen mediku txostena. Aldez aurretik, ospitaleko gizarte langilea eta Hilanderaseko Gurutze Gorriko arduraduna ados jarri ziren Ibrahimak ebakuntza ondorena egoitza horretan pasatzeko. 2-3 aste beharko zituen, eta zainketak beharko zituen zauriak, egunean, 3-4 aldiz garbituta.
Hurrengo egunean, ordea, gizarte langileak jakinarazi zien Ibrahimak ez zuela gaua Hilanderasen pasatu, “baldintzak betetzen ez zituela-eta kaleratu zuten”. Ez zeukaten migrantearen berririk, eta ia bi egunez ez zuten izango. Bien bitartean, Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak esan zien beste eraikin batera eraman zutela, baina datuen pribatutasuna dela eta ezin zietela esan non.
Ostegunean, Zubian topatu zuten Ibrahima, harrera sarearen esanetan. Irailaren 7tik (asteartea) noraezean ibili zela kontatu zien. Hilanderasetik kanporatu eta Zubiara joateko esan zioten “paper batean izena idatzita”. Taxian iritsi zen, —bere dirutik ordainduta—, eta eraikina itxita topatu zuen. Ez ziotenez atea ireki, gaua kalean egin zuen. Hurrengo egunean Hendaiara iristen saiatu zen, baina Frantziako poliziak “hiru aldiz” kanporatu zuen. Gau hori ere kalean pasatu zuen. Ostegunean, berriz, Espainiako poliziak atxilotu zuen, eta osasun egoeraz jabeturik Irungo ospitalera eraman zuten. Han hemorragia bat tratatu ondoren, anbulantzian, Zubiara eraman zuten.
Harrera Sareak Hilanderasen migranteei aplikatzen zaizkien “irizpide murriztaileak” salatu ditu beste behin. Kasu hau, ordea, “inoiz ezagututako larrienetako eta ankerrenetako bat” dela gaitzetsi du. Hilanderasen bertan plazak egonda ere, irizpide horien eraginez, ia gauero bat edo bi pertsonek kalean lo egin behar izaten dutela zehaztu du. Era berean, eskerrak eman dizkio Bidasoaldeko ospitaleari, “uneoro” Ibrahimari eskainitako “arretagatik, profesionaltasunagatik eta enpatiagatik”.