Hasi du bidea Txingudi Rugby Club taldeak
Iazko taldearekin alderatuta oinarrizko aldaketarik ez da. Bi lagunarteko partida jokatuko dituzte irailaren 18an eta urriaren 2an.
Abuztuaren 2an hasi ziren Txingudi Rugby Clubeko talde nagusiko kirolariak sasoi berrirako entrenamendu saioekin. Euskal Ligan ariko dira aurten, urriaren 16an delarik hastekoa liga hori. Aurtengo helburuaren berri eman dute: sailkapenaren goiko zatian bukatzea. Izan ere, 2020-2021 sasoiaren lehen fase ona egin ondoren, sasoiaren bukaera apala egin zuten bidasoarrek. Hori hobetzea dute xede.
Taldekideek jakinarazi du aurpegi berri gutxi izango dituztela taldean, iazkoaren muina mantendu egin delako. Hala ere, joan-etorriak izan dira. Iritsi direnen artean harrobitik iritsitako (18 urtez azpikoen ekipotik) Ekaita Aia, Ivan Martin eta Lander Vielba daude; gainera, urtebetez taldetik at egon den Javi Boesek bueltatzea erabaki du. Bajen artean nabarmentzekoa da Gorka Imaz eta Youssef Haddar Stade Hendayais taldera joan direla, Keoma Pacheco Hernanira, eta Luken Couzatek taldea utzi du. Erretiroa hartu dutenak ere izan dira: Albin Chalafre, Mathieu Lleset eta Imanol Aizpurua; azken honek 30 urteko ibilia egin du Txingudiko kirol eragilean.
Horrez gain, entrenatzaile aldaketak izan dira alde teknikoan: bigarren urtez entrenatzaile izango den Iñigo Camarerok Juanma Herrero eta Ivan Tizon izango ditu laguntzaile, hiru laurdeneko jokalariak trebatzeko eta prestakuntza fisikoa lantzeko hurrenez hurren.
Lagunartekoak
Liga hasi arteko prestaketari dagokionez, momentuz bi lagunarteko partidaren berri eman dute taldekideek. Hilaren 18an Bera Beraren bigarren taldearen kontrako neurketa izango dute, eta urriaren 2an Atletico San Sebastian izango dute aurrez aurre.