Mugikortasun iraunkorraren aldeko asterako dena prest dute Balaztak eta udalak
Hilaren 16an hasi eta 23ra bitartean luzatuko dira bizikleta martxak, tailerrak eta bestelako jarduerak; Amute-Kostako gabeziak identifikatzeko ibilaldi «kritikoa» antolatu dute egitarauaren baitan.
Mugikortasunaren Europako Astean murgilduko da Hondarribia hilaren 16tik 23ra bitartean. Hala jakinarazi dute gaur goizean Hondarribiko Udaleko Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak eta Alicia Pino Balazta bizikletaren aldeko Bidasoko elkarteko ordezkariak. 20 urte beteko ditu aurten Europatik bultzatutako sentsibilizazio kanpainak.
Silanesek azaldu duenez, «Europako iradokizunekin bat egin dugu beste urte batez». Gainera, eskertuta agertu da hautetsia Balazta elkartearekin Mugikortasun Astearen prestaketa lanetan sortutako hartu-emanagatik. Erantsi duenez, «mugikortasunaren alorrean gobernu taldearen proposamena eta norabidea zein den argi dagoela uste dut». Areago, datorren astean udal gobernuak «beste proiektu» baten berri emango duela aurreratu du.
Mugikortasun iraunkorra helburu
Aurten, beste behin, mugikortasun iraunkorraren aldeko jarrerak sustatuko dituztela ziurtatu du Silanesek. Hala, orain arteko kanpainak eta erabakiak gogoratu ditu, besteak beste: Hondarribia mugitzen ari da, Hondarribian mugi zaitez, Hondarribian bizikletaz, 30 kilometro orduko abiadura muga, mugikortasun mahaia eta mugikortasun araudia… Aurten, Zure osasunagatik mugi zaitez modu iraunkorrean izango da erabilitako leloa, Silanesek azaldu duenez. Gainera, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoan elkarlanean ari direla adierazi du zinegotziak.
Bukatzeko, Kosta kalea hobetzeko hilaren 22an egindako deialdian parte hartzera gonbidatu ditu Amute-Kostako bizilagunak eta herritarrak oro-har.
Pinok bere aldetik egitarauaren nondik norakoak azaldu ditu:
- Hilak 16-23. Bizikletaren liburu txokoa Zuloaga Etxean.
- Hilak 17. Mugikortasun jardunaldia Kultur Etxean, 18:30ean. Argazki lehiaketaren sari banaketa eta Guerra en las carreteras britanicas izenpeko dokumentalaren proiekzioa.
- Hilak 18.
– Bizikletaz adinik ez San Gabriel adinekoen egoitzan, 10:00etatik 13:00etara.
– Pedalei eragin energiaren alde Kasino Zaharreko lorategietan, 10:00etatik 13:00etara.
– Segurtasuna bizikletan Kasino Zaharreko lorategietan, 10:00etatik 13:00etara.
– Bizikleten diagnostikoa Kasino Zaharreko lorategietan, 10:00etatik 13:00etara. - Hilak 19.
– Bizikleta martxa Gernikako Arbolatik abiatuta Zubimuxu biribilguneraino, 10:30etik 12:30era. Bertan Irungo bizikleta martxarekin bat egingo dute Hondarribira itzuli aurretik.
– Bizikleta festa Kandido Saseta plazan, 12:30etik 14:00etara. Umeei bideratutako bizikleta ginkana eta mugikortasunaren aldeko grafiti herrikoia egingo dituzte. - Hilak 22. Kosta kalea hobetzen izenpeko ibilaldi «kritikoa», Amute-Kosta auzo elkartetik abiatuta, 18:30etik 20:00etara.