Joan Crespo, Muturreko Eslalom modalitatean azkarrena
Urrea eskuratu du Santiagotarrak klubeko kirolariak. Eslalom Olinpiko modalitatean ere lehiatu da Ander Elosegi eta Klara Olazabalekin batera, baina zorte handirik gabe.
Asteburu honetan Paueko kanalean izan dira Santiagotarrak klubeko zenbait kirolari, Eslalomeko Munduko Koparen bosgarren eta azken proban. Joan Crespo, Klara Olazabal eta Ander Elosegik ordezkatu dute taldea. Klubeko kirolari ugari ere bertaratu dira taldekideak animatzera.
Hiruetatik Crespo izan da emaitzarik onena eskuratu duena, urrezko domina irabazi baitu Muturreko Eslalomaren modalitatean. Klubetik nabarmendu dutenez, datozen Parisko Joko Olinpikoetan modalitate hau olinpikoa izango da.
Eslalom Olinpiko modalitateari dagokionez, hiruek lortu dute sailkapen probak gainditzea, baita ere finalerdietara sailkatzea, baina ez dute zorterik izan azkenean. Tamalez hiruak finaletatik kanpo geratu dira. Emaitza onena Olazabalek eskuratu du, hamahirugarren postu bat; Elosegi hemeretzigarren izan da eta Crespo aldiz, hogeita zazpigarren.
Hurrengo eta azken hitzordua hirukotearentzat hilaren 22tik 26ra Bratislavan (Eslovakia) jokatuko duten Eslalomeko Munduko Txapelketa izango da.