Asteburuan COVID-19agatik 40 kutsatu Irunen, eta bakarra Hondarribian
Aurreko asteburuarekin alderatuta gorantz egin dute positiboek, Irunen batik bat. Hondarribiko tasa 100dik behera jaisteko bidean da.
Ostiraletik atzora arte (igandea) COVID-19agatik kutsatu direnen kopurua 41 pertsonakoa izan da Irunen eta Hondarribian. Horietatik ia denak irundarrak, 40. Aurreko asteburuan (hilaren 3tik 5era) positiboen kopurua 32koa izan zen bi herrietan, beraz, gorantz egin du eritasuna hartu dutenen kopuruak aste bukaeren arteko alderaketa egiten bada.
Tasei dagokienez, positiboen joerak izan du eragina horietan. Hilaren 5eko datuarekin alderatuta, Hondarribian nabarmen egin du beherantz 100.000 biztanleko indize horrek, eta Irunen puntu bat gora.
Ondoko zerrendan Irunen eta Hondarribian koronabirusagatik bizi den egoera, zifretan, atzoko datuetan oinarrituta.
- Irun. Tasa: 270 (hilaren 5eko igandean 269koa zen). Positiboak (ostirala-larunbata-igandea): 15-15-10.
- Hondarribia. Tasa: 117 (hilaren 5eko igandean 212koa zen). Positiboak (ostirala-larunbata-igandea): 0-0-1.