Segundo erdigatik, agur ametsari
Santurtzik, Hondarribiak Kontxako lehen jardunaldian lortutako aldea irauli du. Laugarren Kontxa jarraian irabazteko ametsa bukatu da.
Berdeen eskifaia, burumakur, gaur Donostiako portuan. Segundo erdigatik, zehazki 48 ehunekogatik, ihes egin dio 2021eko Kontxak gizonen Hondarribiari. Santurtzik bi segundo eta 22 ehuneko aldea atera dio gaur Ama Guadalupekoa-ri; berdeen joan den igandeko abantaila segundo eta 74koa zen. Matematika ariketa gehiago ez dira egin behar adierazteko berdeen laugarren Kontxa jarraian ametsean geratu dela, eta Ioseba Amunarrizek ez duela oraindik ere seigarrena bere egingo. Joan den asteko hiru segundoko zigorraz oroitzea ere, alperrik. Bizkaira joan da gizonen 2021ekoa.
Oso estropada gogorra izan da gaurkoa. Tentsio handiko hemeretzi minutu pasatxo. Ohorezko txandaren hasiera zalantzaz-edo hasi dute berdeek, beharbada joan den igandeko irteera pattala eta zigorra berriz ere ez errepikatzeko. Lehen luzean zehar konfiantzaren bidea hasi dira dastatzen Mikel Orbañanosek entrenatutakoak, eta estropadaren aurrean jarri dira lehen luzeko bigarren erditik aurrera. Alta, ziabogan, denbora berbera egin dute berdeek eta Santurtzik.
Itzulerakoan segundo bateko aldearekin maiz izan da Hondarribia. Bi ere izan ditu tarteren batean. Baina Santa Klara ingurura iritsitakoan Santurtzik indar erakustaldia egin, eta badiaren barrualde bare-barean dezibelioak atera eta azken 500 metro ikusgarri egin dituzte. Amunarrizen eskifaiak ezin izan dio horri erantzun, nahiz eta oso-oso gogor borrokatu diren. Sotera-koek ez dute oroituko gaur bezalako aurkari latzik aurrean. Gogoan izan dezatela urte osoan eta Kontxan izan den bien arteko lehia, datorren asteburuko ligako bi jardunaldietan errepikatuko dela.
Kontxan hirugarren Zierbena izan da, eta laugarren Donostiarra.

