Hondarribiko emakumeak, bosgarren Kontxan
Gaurko bigarren igandean bosgarren izanda, sailkapen nagusian ere bosgarren sailkatu da Hondarribia. Datu arriskutsu bat: Tolosaldeak laugarren postua kendu dio.
Hondarribiko arraunlariak, gaurko estropada. bukatuta portuan. Bosgarren izan da 2021eko Kontxan Hondarribiko emakumeen trainerua. Gaurko bigarren igandean postu horretan bukatu dute estropada, eta sailkapen nagusian postu bat atzera egin dute lehen igandeko eta bigarreneko postuak kontuan hartuta. Historian lehen aldiz Arraun Lagunak izan da Kontxako irabazle; Orio, Donostiarra eta Tolosaldea izan dituzte hurrengo postuetan atzetik.
Gaur, hasieratik, atzerantz egin du Iker Cortesek entrenatzen duen ontziak. Ez da txanda irabazteko borrokan sartu inolaz ere, eta laugarren joan da ia hasiera-hasieratik. Laugarren kalean egokitu zaio arraun egitea Ama Guadalupekoa-ri, ez zen gaurko onena. Hala, ziabogan, lehen izan den Oriorekiko hamaika segundo atzetik sartu dira berdeak; helmugako ontzia txanda eta bandera eraman dituen Arraun Lagunak-ek baino hemeretzi segundo geroago gurutzatu dute.
Onena ematera ziren ateratzekoak gaur hondarribiarrak. Baina beharbada, begi bat hurrengo asteburuan izan dute jarrita: EuskoTren Ligan mantentzeko play-offa dute larunbat eta igandean Bermeo eta Portugaleten hurrenez hurren. Kontxa kanporaketa horri begira termometroa jartzeko aukera izan bada, albiste txarrak: gaurko lehian, eta Kontxako sailkapen nagusian aurretik izan dute Tolosaldea. Hondarribiarekin eta Deusturekin batera (Galiziako ordezkarien partaidetza zalantzan dago) ariko da Tolosaldea play-off horretan: gaur ia bost segundo atera dizkiote Hondarribiari, eta sailkapen nagusian hiru.

