Kontxa uste baino hurbilago dago
Kontxako bigarren igandeari begira dituzten aukeren inguruan hitza egin du HITZAk traineruen lemazainekin, Ioseba Amunarrizekin eta Miren Garmendiarekin.

Segundo eta 74 ehuneko aldea Santurtzirekin; hiru eta 96koa Zierbenarekin; zortzi eta erdikoa Oriorekin; eta bederatzi pasatxokoa kontsolazio txandan aterako den Donostiarrarekin. Horiek gizonen Hondarribiak dituen abantailak hurbilen dituenekiko. Diferentzia horiek nahikoak ote diren jakitea ia ezinezkoa da. Baina badaude aurrekariak, 2019ko eta 2020ko Kontxakoak adibidez. 2019ko lehen jardunaldian Hondarribiak ia sei segundoko aldea atera zion bigarren izan zen Oriori; 2020koan zortzi segundo atzean utzi zuten Zierbena. Bi urte horietako bigarren jardunaldietan ere irabazle izan zen Hondarribia. Hau da: Mikel Orbañanosek entrenatutakoek erabateko fidagarritasuna azaldu dute azken bi urteetako bigarren igandean. Are gehiago: 2018ko edizioan, lehen jardunaldian Zierbenak 86 ehuneko aldea atera zien berdeei, eta bigarrenean hondarribiarrek abantaila hori irauli zuten, arraun klubaren aro modernoko Kontxako garaipenen segida historiko handiena abiatuz. Etzi, laugarrena jarraian iritsi daiteke herrira.
Traineruaren aro moderno horren ikurra, Mikel Orbañanos entrenatzaileaz gain, Ioseba Amunarriz lemazaina da. Jada bost Kontxa ditu irabaziak berdeekin: 2005koa, 2013koa, eta 2018tik 2020ra artekoak jarraian. Etzikoa lortuz gero haren seigarrena litzateke, historiako patroirik onenen zerrendan gora eginez. «Joan den igandeko estropadak gorputzaldi gazi-gozoa utzi digu. Irteerako arazoagatik hiru segundo kentzea pena da. Baina aurretik gaude»; Amunarrizek hiru segundoko zigorraz hitz egin baino, aurrera begira jarri nahi du. Badaki ez dela bueltatuko traineru bateko aldea litzatekeen hori. «Kontxa hasi baino lehen esan nuen bost bat ontzi zeudela banderaren bila joateko. Bigarren igandean bost traineru joango gara bandera borrokatzera. Zorte onena duenak, eta gehien demostratzen duenak eramango du etxera». Eskifaiaz ziur da patroia: «Taldeak denbora darama goiko postuen alde lehiatzen. Badakigu nola moldatu bigarren igande horretara. Fidagarritasun hori dugun konfiantzak eta esperientziak ematen digu. Ziurrenik, igandeko estropadako onenak bandera irabaziko du, baldin eta eguraldi eta itsaso aldetik arazo handirik ez bada».
Seigarren Kontxa irabaz dezake Amunarrizek. Hor badu nolabaiteko aurrekari edo erreferentzia bat. Hondarribiarrak etzi egin dezakeen modura, Jose Angel Lujanbio sanjuandarrak lau Kontxa segidan irabazi zituen Hondarribiarekin 1965 eta 1968 urteen artean. «Egia da kuadrilla barruan badugula laugarrenez irabazteko gogoa, Lujanbioren garaian haiek egindakoa berdintzea oso polita litzatekeelako. Ilusioarekin gaude, baina garbi dugu: aurrena da ahalik eta estropada txukunena egitea. Hortik aurrerakoak ikusiko ditugu».
Igandeko 11:30ak inguru. Bigarren txanda hastear da. Estatxa jada eskuan izango du Amunarrizek. «Une horretan erne egoteko esango diet arraunlariei. Inork lo har ez dezala. Eta ahalik eta hoberen eta azkarren ateratzeko eskatuko diet, besterik ez».
Ohorezko txandan
Hondarribiko emakumeen trainerua ohorezko txandan irtengo da igandean. Bai sailkapenean eta lehenengo jardunaldian egitekoak oso ondo burututa iritsi dira onenen artean izatera. Banderaren bila joatea zail dute. Antza, Donostia-Arraun Lagunak eta Orio direlako garaipenaren loria eskura dezaketenak hilaren 5ean kronometroek jaso zituztenetan oinarrituta. Miren Garmendia patroiak garbi du ezarritako helburua bete dutela, baina gehiago emateko gogoz daude: «Hori egitera aterako gara igandean, dena ematera». Hamahiru segundora dute igandean irabazle izan zen Arraun Lagunak, eta ea banderari begira sorpresarik eman dezaketen galdetuta, garbi azaldu du euren xedea dela Donostiarrarekin (lau segundo pasatxo aurretik dute) hirugarren postuagatik lehiatzea. Eta adierazi du estropada oso polita izango dela igandekoa: «Bai ligan zein Kontxan oreka handia dago. Emakume eta kirolari bezala sekulako aurrera urratsa eman dugu aurten. Oso polita ari da izaten sasoia».
Igandean jarrita dute begi bat hondarribiarrek, baina bestea hilaren 18-19ko asteburuan EuskoTreneko plaza mantentzeko play-offean dute. Kanporaketa horretan lehiakide izango dituztenak Kontxan atzean izateak «segurtasun puntua» ematen diela ziurtatu du Garmendiak, eta etzi hori berresten saiatuko direla adierazi du. «Dena dela, ETE Ligakoek oso maila altua dute. Kontuz ibili behar dugu play-offean. Dena egin beharko dugu ondo mailari eusteko». Kontxan emakumeen zortzi traineru izanda, ligan ere kopuru horretara iristea gogoetarako gai dela nabarmendu du patroiak: «Uste dugu unea dela EuskoTrenen ere sei edo zortzi ontzi egoteko, aurrera urratsa egiteko. Ikusita emakumeen arraunean zein maila dagoen, pausoa emateko garaia da».
Sasoian egiten ari direnarekin pozik dago Garmendia. Gauzak ondo egin dituztela uste du, eta gozatzen ari dira. Igandean eta play-offean sentsazio horiek berresten ahaleginduko dira.