Atzoko egunez hil zuten Josu Zabala duela 45 urte. Lore sortak utzi zituzten, EH Bilduk, Abotsanitzek eta Zabalaren familiak, erailketa izan zen txokoan.

Josu Zabalaren erailketaren 45. urteurreneko lore sortak.
Atzo 45 urte bete ziren Guardia Zibilak tiro batez Josu Zabala irundarra, Hondarribiko San Pedro kalean hil zuenetik. 1976ko irailaren 8an izan zen erailketa, arratsaldeko Alardearen desfilea amaituta zegoela.
Duela 5 urtetatik ez da omenaldirik egiten, familiak horrela eskatu zuelako, baina lore sortak egun osoan zehar joan ziren uzten hilketa izan zen txokoan, Txantxangorri jatetxearen ondoan. Bertara gerturatu ziren Abotsanitz eta EH Bilduko kideak, baita Zabalaren familia eta Gora Gazteak konpainia ere.
Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoanek jaso duenez, egun horretan jendea manifestatzen hasi zen Eduardo Moreno Pertur ETAko kidearen desagerpena salatzeko. Guardia Zibila agertu zen arte, manifestariak indarrez sakabanatzeko asmoz. Momentu horretan tiroak jotzen hasi ziren eta Zabalak bi tiro jaso zituen, beste bi zauritu egon zirela ere kontatu du KOMHBek.