Herritarren ekarpenekin elikatuko dute Klimaren eta Energia Eraginkorren aldeko Ekintza Plana
Bederatzi galderez osatutako galdetegi bat erantzun ahal izango dute irundar guztiek, hilaren 24ra bitarte.

Irungo Udaleko Garapen Eraginkorreko sailak dagoeneko martxan jarri du Klimaren eta Energia Eraginkorren aldeko Ekintza Plan (KEJEP) berria idazteko prozesua. Udalaren arabera, plan honek neurri zehatzak definituko ditu emisioak murriztu eta klima aldaketaren aurrean egokitzeko, eta epe luzeko estrategia gisa planteatu dute dokumentua, 2030era bitarteko epemuga baitu.
“Guztioi eragiten digu klima aldaketak, eta horregatik bildu nahi ditugu irundar guztien iritziak eta ekarpenak. Udaleko arloekin eta normalean gurekin elkarlanean aritzen diren gainerako erakundeekin lan egiteaz gain, Ekintza Plan berriak konpromiso irmoagoa izango du klima aldaketaren efektuei aurre egiteko herritarrei modu aktiboan entzuten badiegu eta horien parte-hartzearen bidez egiten badugu”, esan du Borja Olazabal saileko ordezkariak.
Orain, herritarrei ireki nahi diete plana, eta horretarako irundarrei galdetegi bat egingo diete, guztiek bete ahal izan dezaten. Udalaren webgunean eskuragarri dago jada dokumentua, eta hilaren 24ra bitarte zabalik egongo da. Galdetegiak bederatzi galdera ditu, hiriko klima aldaketarekin eta energia kontsumoarekin lotutakoak. Bestalde, jarduteko alor posibleei eta etorkizunean egokitzeko egin beharreko ekintzen gainean ere galdetuko diete irundarrei. Galderez gain, norberak nahi duena idazteko bi galdera gehitu dituzte galdetegian, baita ere ekarpenak edo iruzkinak egiteko atal bat.