Gizon bat atxilotu dute Irunen, bikotekideari eraso egitea egotzita
Irungo etxebizitza batean izan da atxiloketa, taxi gidari batek udaltzainei eraso matxistaren berri eman ostean.

Irungo Udaltzaingoak gizon bat atxilotu berri du, bikotekideari eraso egitea leporatuta.
Emakumea Donostiatik Irunera ekarri zuen taxi gidariak eman zuen abisua. Udaltzaingoaren arabera, emakumea zaurituta zegoen, eta bidaian bikotekideak egindakoaren berri eman zion gidariari. Emakumea utzi ostean gidaria udaltzainen patruila batengana gerturatu zen, esandakoaren berri emateko.
Agenteak bertaratu ostean, atarietako batean norbait garrasika ari zela entzun zuten. Barruan gizona aurkitu zuten, eta zantzu guztien arabera, emakumea erasotu zuen gizona zen. Bertan atxilotu zuten gizona, eta larrialdi zerbitzuek biktima artatu zuten.
Udalak irmo gaitzetsi du eraso matxista, eta eskerrak eman dizkie udaltzainei, “beren eskumenetatik harago joanaz emakumea aurkitu eta kalte handiagoak saihestu zituztelako”. Taxi gidaria ere eskertu nahi izan du udalak.