Dantza Hirian jaialdia, bueltan
Ostiral honetan bi dantza emanaldiz gozatzeko aukera izango da Junkal plazatxoan, 19:30etik aurrera. Gonbidapenak eskuratu beharko dituzte interesdunek.

Ostiral honetan (hilak 10), Junkal plazatxoa hartuko du beste behin Dantza Hirian jaialdiak. Orotara bi dantza garaikide ikuskizun eskainiko dituzte mugaz gaindiko egitasmo ibiltari honen barruan, 19:30etik aurrera.
19:30ean NODE euskal konpainiak Transito lana taularatuko du. Bi emakume igoko dira oholtza gainera, Oihana Varela eta Oihana Vesga. 15 minutuko iraupena izango du emanaldiak.
19:55an berriz, Andaluziatik etorritako konpainia baten txanda helduko da, Adama konpainiarena hain zuzen ere. Arcat Dance obra eskainiko dute, Jose Pablo Polo konpositorearen musikan inspiratutakoa.
Emanaldien ostean artisten eta publikoaren arteko topaketa bat egingo dute, Junkal plazatxoan bertan. Sartzeko beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea. Horretarako, saioa hasi baino 50 minutu lehenago bertaratu beharko dira interesdunak, aforoa mugatua izango baita.