Gernikako sirena, faxistek Irun hartu zutenekoa oroitzeko
Kepa Ordoki memoria historikoko elkarteak ekitaldia egin du indar faxistek hiria azpiratu zutenetik 85 urte igaro direnean.
Sirena hotsa entzun zen atzo goizaldean Irunen. Izan ere, duela 85 urte irailaren 5 batez hartu zuten indarrez Irun faxistek. Egun horretan, Emilio Molaren eskuineko indar kolpistek hiria azpiratu zuten hilabete eta erdiko erresistentziaren ondoren. Egun hori oroituz Kepa Ordoki memoria historikoko elkarteak Gernikako sirena jo zuen, atzo, San Martzialetik.
Sirena hori Gernikan erabiltzen dute bonbardaketaren urteurrena gogoratzeko. Atzo, ordea, Irunen entzun ahal izan zen Guernica Gernikara elkartearekin lankidetzan.
Egun on! #85urte Faxistek indarkeriaz Behe Bidasoa hartu zutela. 1936ko udako borrokaldiak eta erresistentzia oroitarazteko Gernikako sirena jo dugu goizaldean. #OroimenOsoa pic.twitter.com/1GHBf8cn9S
— Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan (@KepaOrdokiMHB) September 5, 2021
Horrez gain, ekitaldia egin zuen Kepa Ordoki elkarteak, Behobia auzoko zubi zaharrean, faxismotik ihesi joan ziren errefuxiatuak oroitzeko. Ekitaldi horretan parte hartu zuten talde politikoez gain, Guernica Gernika elkarteko ordezkariek.