Abotsanitzek alardearen gatazkari buruz dio "isiltasunak mina elikatzen" duela
Alardearen eztabaidari buruz mintzatu da Abotsanitz eta "denon Hondarribia bat lortzeko" lanean jarraitzeko asmoa berretsi dute.
Herriko jaiak ezingo dira ospatu, osasun egoeraren eraginez. Baina Abotsanitzek argitara eman duen oharrean adierazi du, hala ere “egun horietako izpiritua” berriz sentituko dela “horretarako gordeta ditugun oroimen politenek” lagunduta.
Bigarren urtez Alardea ez antolatzeak, bigarrenez “elkarri” minik ez ematea eta “elkarri isekarik” ez egitea eragiten du, alderdiaren esanetan. Geldialdi horrek “denak aurrera egiten duela” ohartarazteko balio duela uste dute.
Gatazka konpontzeari buruz ere mintzatu dira, eta esan dute azken hamarkada honetan “isiltasunak mina elikatzen duela” ikasi dutela. Egoera honetatik ateratzeko “giltza gugan dagoela” uste dute eta “denon Hondarribia bat lortzeko” lanean jarraitzeko asmoa berretsi dute.
Tradizioa pertsonek eraikitako “eraikuntza bat” dela defendatu dute, “botere harremanetan” oinarritzen delako. Alderdiak gogorarazi du, botere horiek kontrolatzen dituztenek, iaz, herritarrek bozkatutako “16 zinegotzien eta alkatearen gainetik” daudela adierazi zutela baina alderdiaren hitzetan “herria ordezkatzeko legitimitatea duten herri ordezkari bakarrak demokratikoki hautatutako zinegotziak dira”.
Ildo honetan, herritar guztienak diren ospakizunak “elitearen posizioa berresteko” erabili nahi badira, Abotsanitzek “alarde publikoa” defendatzen jarraituko duela argudiatu dute. Amaitzeko, gatazka “zentzurik gabe” ez luzatzea eta “ausardiaz aurrera pausu bat” ematea eskatu dute “jarrera ahalbideratzaileak saretuko baitu etorkizuneko herria”.