Adingabeei sexu abusuak egitea egotzita hondarribiar bat espetxeratu dute
Joan den larunbatean atxilotu zuen Ertzaintzak 37 urteko gizona, eta astelehenen behin-behinean espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak.
Abuztuaren 28an 37 urteko gizon hondarribiar bat atxilotu zuen Ertzaintzak, adingabeei sexu abusuak egitea leporatuta. Abuztuaren 30ean eraman zuten epailearen aurrera, eta hark behin-behinean espetxeratzeko agindua eman zuen. Joan den larunbatean egindako salaketa baten harira atxilotu zuten poliziek hondarribiarra.
Ustezko erasotzaileak surf eta skate eskolak ematen zituen eitb.eus webgunean jaso dutenez. Eta baliteke, betiere hedabide horrek jasotako informazioaren arabera, abusuak duela urte batzuk gertatu izana eskola horiek baliatuz.
Ikerketak zabalik jarraitzen du, eta kasua sekretupean dago.