[Elkarrizketa] “Denok buruan genuen pauso horri hitzak jarri dizkiogu”
Izurriak eskainitako abagunea eztabaida bultzatzeko baliatu beharko litzatekeela sinetsita dago. Konponbiderantz aurrera urratsa izan nahi du alardeko 22. konpainia izateko proposamenak.
Hondarribiko Alardeko 22. konpainia izateko eskaria egin duzue. Zergatik erabaki duzue urrats hori egitea?
Urrats hau dezente egindako lanaren ondorio da. Momentu batean mahaigaineratzen denean Hondarribiko Udalaren partetik eta bitartekari baten bidez elkarrizketa prozesu bat zabalduko dela, horra begira Jaizkibel bezala pixka bat prestatuta joan behar ginela pentsatu genuen: batetik, gure marra gorriak zeintzuk ziren definituz, eta bestetik, zer emateko prest ginen zehaztuz. Argi dago gure helburua dela alarde bakarra, parekidea eta publikoa, baina prozesu horretan mahai gainean jartzen egon ginen Jaizkibelgo batzarretan egon zitezkeen aukerak. Tartean ere ikusi genuen Jaizkibel bere garaian konpainia bezala sortzen denean Juana Mugarrietakoek egiten duten hausnarketaren ondorio dela: ‘Orain ez dugu lortuko, beraz, erdibideko pausu bezala goazen konpainia bat sortzera’. Egiten dugun aldaketa ondokoa da: ‘Goazen konpainia honekin gainontzeko guztiekin parte hartzera, eta besteek egin dezatela egin beharreko prozesua egin behar duten momentuan’.
Orain arte, askotan modu nahiko txarrean, saiatu da kokatzen eztabaida Jaizkibel konpainiaren eta Alarde Fundazioaren artean, eta ez dugu ahaztu behar festa ez dela ez Jaizkibelena ezta Alarde Fundazioarena ere. Festa herriarena da eta herritar guztiok aldarrikatu behar dugu. Hortaz, hausnarketa horretatik abiatuta bide horretan zer emateko prest ginen gogoetatu genuen, eta hori da aurkeztu genuena.
Nola jaso dute Jaizkibel konpainiako bestelako kideek egindako proposamena?
Beraiekin batera landutako zerbait da. Argi dago gaur egun mila pertsona inguru batzen dituela konpainiak, gehi kanpoan daudenak zeinak Jaizkibelgo kide ere sentitzen diren. Egia da horiekin guztiekin ez dela partekatu. Baina nik uste dut, orokorrean, sentsazioa gehiago izan dela betidanik esaten egon garen horri, denok buruan genuen pauso horri, hitzak jarri dizkiogula. Agian baten bati sorpresa eman dio, baina eztabaida soziala piztea beharrezkoa zela ikusten genuen, baita herritarren artean ere. Urtebete baino gehiago daramagu pandemia dela-eta ikusten aurten ere ez dela alarderik izango, eta eztabaidarako momenturik aproposena dela esaten. Areago, ez guk bakarrik, Guztion Alardeko kideek ere esan dute. Elkarrizketa bide horiek kostatzen ari direla ikusita, mahaigaineratu genuen zein den guk egiten dugun proposamena.
Zein erantzun jaso du eragileen artean?
Aldez aurretik proposamena hainbat kideren artean, bereziki gurekin batera bide hau egin izan duten hainbat eragilerekin, partekatu genuen. Orokorrean jende guztiak transmititu diguna da oso proposamen eraikitzailea dela, eta herriari begira egiten den eskaintza zintzo bat bezala ikusi dela. Jendeak oso begi onez ikusten zuen elkarrizketa prozesu horietan mahaigaineratzeko proposamen gisa. Hau ere partekatu genuen elkarrizketa prozesu hauek lantzen ari diren adituekin. Gauza hauek beren bidea behar dute, eta noski, interlokuzio hori planteatzen den momentutik ez dakigu beste alde batzuek zer pentsatuko duten. Hala ere, orokorrean, jendeak oso begi onez hartu du, eta gainera Hondarribiko herriak bizi duen momentuak eskatzen zuen zerbait zela sentiarazi digute.
Ba al duzue harremanik uneotan Alarde Fundazioarekin?
Ez, ezer ez. Mahai gainean egon den aukera bakarra izan da udalaren barruan planteatzen den eztabaidarako espazio hori, ez dena momentu bakar batean praktikan jarri alde anitzeko mahai bezala. Noski egon dela adituek hainbat eragilerekin egin duten lana, baina ez dugu alde anitzeko gune baterako aukerarik izan.
Alde askotako gunea sortzea nahiko luke Jaizkibelek?
Bai, zalantzarik gabe. Beti planteatu dugu elkarri aurpegiak ikusita eta elkar entzunez egin behar den prozesu bat dela, esertzeko garaia dela, eta Alarde Fundazioak bezala, guk aspaldi esaten dugu beste hainbat eragilek parte hartu beharko luketela. Lehen planteatzen nuen ideia beretik, sinetsita gaudelako hau ez dela bi alderen arteko kontu bat, erpin ezberdinak ditu, eta sentimendu ezberdinak eragiten dituen gai bat da. Guztion Alardeko kideek egindako elkarrizketa bideo horietan guztietan oso argi ikusten da pertsona bakoitzaren araberako ikuspegi bat eta esateko zerbait zegoela. Herri bateko festak izanik, talde izendapenetik harago herritarren arteko eztabaidarako eta adostasunerako guneak sortu beharko lirateke.
Bi urtez ez da alarderik izango, eta datorren urtean zer gertatuko ote den inork ez daki. Gatazkari irtenbidea emateko denbora hau baliatzea ezinbestekoa da?
Bai, noski. Eta esaten genuen iaz pandemiak gauza asko erakutsi dizkigula, tamalez, eta horietako bat izan zen honek eragin duen sufrimendu guztiaz gain, festarik gabe egoteak berdindu gintuela, ez? Herritar guztiok galdu genuen gure egun handia ospatzeko aukera eta nik uste dut horrek zer pentsa eman beharko ligukeela batzen gaituen sentimendu bat delako. Denok sentitu dugu galera handiago edo txikiago bat, eta ez dut konparatu nahi hau pandemiarengatik izan diren beste kontuekin, baina ez ospatzeak berdindu gintuen eta festarekiko sentimendu, maitasun edo gozamen horrek elkartu beharko gintuzke. Horrez gain, alarderik ospatu ezin izateak bidea baretzen du nolabait, urtero pizten diren tentsio horiek ez daude edo ez dira hain handiak, beraz, aprobetxa dezagun barne giro hori.
Hala ere, hor argi eta garbi ardura nagusia instituzioek dute, udalak zehazki, bere esku dagoen guztia egiten egon beharko luke.
Emakundek argitaratutako azterlanean aipatzen da udalaren babesik gabe zaila dela aurrera egitea. Zein da Hondarribiko udal taldeen inplikazioa?
Momentuz guk dakiguna da udal gobernua denbora pasatzen uzten ari dela, eta gainera, adituek landuko luketen eztabaida prozesu horretan badagoela alderdien arteko lanketa bat egiteko asmoa. Guri dagokigunez, guretzako edo gugan pentsatuz sortu nahi zen elkarrizketarako espazio hori ez dago eta horri bai begira diezaiokegu. Horrez gain, Hondarribiko Udalaren buruan planteatzen ari zen prozesu honek bi norabide izango lituzke: bata, udal taldeen artekoa, eta bestea, eragileei dagokiena. Baina behin eta berriro esan dugu guk uste dugula eragile horiek zabaldu behar direla. Zergatik? Hasieran aipatutako kontu guztiengatik. Baina gainera, bi aldeko zerbait egiteak gero elkartzeko punturik izan gabe, hanka-sartze bat dela uste dugu, bereziki, azterlan horretan adierazten den bezala oso garrantzitsua delako eragile ezberdinen eta anitzen arteko elkarrizketa eta lankidetzarako borondatea egotea. Alegia, berdintasun teknikariak, udal taldeak, elkarteak, mugimendu feminista… Hori herri bezala egoerari erantzutea delako. Guk ez dugu hori; ez dago halako espaziorik. Festetan inplikazioa duten bestelako eragileak inplikatzeko gogorik ez dago, eta uste dugu badela garaia eta aukera paregabea Emakundek argitaratu dituen praktika egokiez ikasteko. Praktika egoki horiek ere testuinguru bakoitzera egokitu behar dira. Bereziki hor nabarmentzen zena prozesu batzuk abiatu behar direla zen.
Nola gainditu bestela gatazka?
Ez dago beste modurik; ezin dugu beste alde batera begiratu. Gatazka bat existitzen da, Hondarribiak dagoeneko 25 urte luzez bizi izan duena, baita Irunek ere. Ezin diozu ostrukarena egin eta ea gainetik pasatzen den zu konturatu gabe. Errealitate bat da, bizitzaren hainbat esparrutan eragin du, hala nola, herriaren izaeran, herritarren arteko batasunean, herritarren arteko bizikidetzan… Ezin dugu pentsatu ezer egin gabe denborak zerbait konponduko duenik.
Horregatik, hilaren 8an, 12:30ean elkarretaratzea egingo dugu Martxoaren 8 plazan. 25 urte gehiago itxaron nahi ez dugula esateko, konponbiderako prozesua aktibatzeko eta emakumeok alardean parekidetasunez parte hartzeko dugun eskubidea aldarrikatzeko.
Zer eskatzen dio Jaizkibelek 2022ko Alarde Egunari?
Gure kanpainan aipatu bezala, 2022ko alardean 22. konpainia barruan nahi dugu. Uste dugu badela garaia elkarrekin ospatzeko. 2022koa ospatzeko modukoa izatea espero dugu, hainbat arrazoiengatik, tartean, ospatzeko aukera izango dugulako eta ospa dezagun elkarrekin, herri batek elkarrekin festa egiteak festaz haragoko eragina duelako. Elkarrekin egotearena, elkarrekin festa egitearena, eta elkarrekin ondo pasatzearena badelako Hondarribiko herriak merezi duen zerbait.