Sozialistek diote HAPOaren proposamena "presaka eta adostasunik gabe" aurkeztu dela
Iosu Alvarez sozialistak gaur izango den HAPOari buruzko ezohiko bilkuran alde bozkatuko duten aztergaiak eman ditu jakitera.
Iosu Alvarez sozialistak gaur egingo den HAPOari buruzko ezohiko bilkurara “presaka eta adostasunik gabe” deitu dietela salatu du. Bozeramaileak uste du plenoan aurkeztuko den aurrerapen proposamena “hobetu” daitekeela eta ez dituela “herriaren behar guztiak” biltzen.
Lizentziak gelditzearen aldekoak direla azaldu du Alvarezek, beraiek izan zirelako “etxebizitzei buruzko ikerketa abiatzea eskatu” zutenak, zehaztu du. Bestetik, Damarriko parkinga eraikitzearen alde agertu dira, baina beraien hitzetan “Presako parking publikoan ez inbertitzea aukera galtzea da”.
Aurrerapenak Mendelurentzako plan bat aurreikusten duela aipatu zuen atzo Txomin Sagarzazu alkateak baina sozialisten ustez “kontinuistegiak diren hainbat aukera” proposatu dituzte. Honen harira, Kosta auzorako planik aurkeztu ez izana leporatu diote udal gobernuari: “Oroitarazten dugu Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu Sailak eremu kaltebera izendatu zuela auzo hau”.
Sozialisten arabera Plan Orokorrak ikerketa sozioekonomiko baten beharra dauka, jakiteko “herritarren errentak zeintzuk diren” edota “etxebizitza erosteko ahalmena” zein den. Izan ere, datu bat eman dute, esanez, Hondarribian 1400 eskaera egin direla Etxebiden, gehienak alokairua eskatuz.
Beraz, babes ofizialeko etxeak eraikitzen “denbora galtzeari utzi” behar zaiola iritzi du udal taldeak. Gainera, Alvarezek dio aurrerapen dokumentuak etxebizitza publikoari buruzko aukera ezberdinak jasotzen dituela, baina alokairurako zenbat etxebizitza izango diren zehaztu ez dutela agerian utzi du.