Hondarribia laugarren bandera jarraian eskuratzeko borrokan egongo da
'Ama Guadalupekoa' bigarren geratu da sailkatze estropadan, Santurtzirengandik bost segundo pasatxora. Igandean zerotik hasiko da dena.
Denboraldiko banderarik garrantzitsuena lortzeko borrokaldia gaur hasi da. Kontxako estropadarako sailkapen proba egin dute gaur arratsaldean. Aurreikuspenak bete eta Ama Guadalupekoa-k bertan egoteko txartela eskuratu du.
Ligako tendentzia berbera errepikatu da. Santurtzik markatu du denborarik onena, 20:23:84rekin, eta Hondarribia bost segundo eta 83 ehunekotara geratu da (20:29:54). Ziabogan aldea handiagoa izan da: hamar segundo gehiago behar izan ditu traineru berdeak, baina bigarren luzean aldea jan die bizkaitarrei. Are, denbora onena markatu dute ziabogatik helmugarako bidean. Hirugarrenak —Zierbenak— bi segundo pasatxo gehiago behar izan ditu.
Lanak beteta, Ioseba Amunarriz patroiak ETBri adierazi dio asko zeukatela galtzeko eta gutxi irabazteko. Estropada zaila izan dela, haizeak jotzen zuelako.
“Gaurko giroarekin, ez baduzu zure arraunketa lantzen edo pixka bat despistatuta ateratzen bazara, segundoak erraz erortzen dira. Saiatu gara ahalik eta azkarren ibiltzen, eta bigarren egin dugu”, gaineratu du Ama Guadalupekoa-ko lemazainak.
Iganderako zorte pixka bat eskatu du, bai txandari dagokionez, baita kaleari dagokionez ere. Dena beharko dute laugarrena jarraian izango litzatekeen bandera lortzeko.
Modu horretan, Hondarribia Arraun Elkarteko bi traineruak Kontxan lehiatuko dira.